Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Hushe-eko herritarrek isolamendu geografikoa murriztu dute Alex Txikonek emandako ibilgailuari esker

Hushe-eko herritarrek isolamendu geografikoa murriztu dute Alex Txikonek emandako ibilgailuari esker

2011/05/23

Felix Baltistan Fundazioak eskerrak eman nahi dizkio Alex Txikon alpinistari. Izan ere, 2011ko udako espedizioan erabiliko duen autoa dohaitzan emango die Hushe-eko herritarrei. Espedizioaren gaineko xehetasunak, Umpro babesleak antolatutako prentsaurrekoan azaldu dituzte.

Dohaitzan emandako ibilgailuari esker, Pakistango Husheko herritarrek bizi duten isolamendu geografikoa murriztuko dute. Alde batetik, ikasleen desplazamenduak errazagoak izango dira  eta bestetik egoera larrietan ibilgailurik ez izateak eragiten dituzten ezbeharrak ekidin ahal izango dira. Azpimarragarria da, 2010ean, erditzear zeuden bi emakume hil egin zirela ospitalerako bidean.

Une honetan, Baltistango baldintza  geografiko eta klimatikoen ondorioz, herrien arteko desplazamenduak gogorrak dira.

Hushe-eko haraneko etxebizitzak hauskorrak eta txikiak dira. Terrazetan, zerealak eta barazkiak hazten dituzte elikadurarako. Errepideak, mendi magaletan, lurrez eta harriz egindakoak dira gainera. Hala, Machulo  eta Khaplu herrien arteko 10 kilometroak egiteko, eta gertuen dagoen ospitalera iristeko, autoz, ordubete behar da. Kontuan hartzen badugu gainera Machulo osoan (3000 biztanle) bi auto daudela, egoera larrietan sekulako eragozpena eta arazoa bilakatzen dela azpimarratu behar dugu.


Felix Baltistan Fundazioaren gainean

Felix Baltistan Fundazioa, euskal GKEak, Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulo (FIFBM) erakundearekin batera, Pakistango Hushe-ko haraneko garapena sustatzeko hamar urte daramatza lanean. Hain zuzen ere, Baltistango Hushe-eko giza  komunitatearen garapen integrala, endogenoa eta parte-hartzailea bultzatzen dihardu.


Mendia elkartasunerako lotura

Erakundea osatzen duten pertsonek, naturarekiko  eta mendi inguruekiko grina eta errespetua  konpartitzen dute. Bereziki Baltistan edo Karakorumeko mendilerroa. Bertan aurkitzen dira 6 mila metrotik gora duten munduko mendi gehienak. Baita ere lau zortzi milako: K2, Broad Peak, Gasherbrum I eta Gasherbrum II. Hala, mendizaletasunak dauzkan baloreak (elkartasuna, naturarekiko errespetua, konstantzia, adorea, laguntasuna edota optimismoa), fundazioaren balore eta irizpideekin bat egiten dute lan egiterako orduan.

Jarrai ezazu Alex Txikon-en blog-a