Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Pakistango uholdeak, Ortzi Akizuren egunkaria

Pakistango uholdeak, Ortzi Akizuren egunkaria

2010/09/23

Seigarren eguna Matxulu / Talis / Khapulu-n ( hondamendiaren gunean). 2010.ko Abuztuaren 17-a, 23.45

Etxera iritsi eta dutxa beroa, argi piska bat eta te chai bat txapatiarekin. Eguneroko bizitzan dauzkagun gauzak dira baina falta zaizkigunean eta lortzen ditugunean, gutxitan pentsa genezakeen adinako ongizatea sentitzen dugu. Hain oinarrizko gauzak diren argia, higienea eta janariarengatik (azken finean osasunarengatik) batek eguna ematen du Machulun.

Baina gaur, bizikletaz ordu terdiko joana eta beste bi orduko etorria Khapulutik egin eta gero, internetaren bila, etxera iristean, eguzki plakez berotutako dutxa beroak tristura guztiak kentzen dizkizu ( eta bide batez usain txarra ere bai…).

Taliseko egoera iada egonkortu egin da. Bi desagertuen gorpuak falta dira, baina militaren zakurrek ezin izan dituzte aurkitu… Errepidea ari dira irekitzen, zubi zaharraren lekuan zubi berri bat eraiki dute ( beraien iritziz jeep baten pisua jasan dezakeena), bitartean haurrak hondakinen artean jolasean dabiltza, familia bakoitzak bere kanpin denda dauka, beren ( arroz eta gari haziak gordetzeko) egurrezko kutxa zaharrak bertan dauzkatelarik. Etxeak deseraikitzen ari dira eta bertatik lokatza ateratzen ari dira, kanal berri bat eraikin dute, plastikozko tubo berri bat jarri dute ur edangarria etxeetara eramateko eta familiek ere badaukate zer jan hurrengo 3 asteetan gutxi gora behera.

Baina hondamendiaren ondorengo egonkortasun honek, heriotzei aurre egin eta bereraikitze lanei irrifartsu ekiteko balio digu. Baina benetako egoera zera da: janariak, kanpin dendek eta botikek epemuga jakin bat daukatela. Eta negua badatorrela, eta oraingoan jendeak ez duela uztarik jaso neguko zero azpiko 20 º C aurre egiteko.

Okerrena iristear dago, eta ziurrenik orduan izango da kanpoko laguntza behar duten garaia. Nahiz eta orain arte, auzolanean egin den lana izugarria izan den, uzta elkarbanatzerako garaian, Talis inguruko herrietako jendeak ere uzta asko galdu du, eta bi lagunek jaten duten lekuan ezin izango dute hiru lagunek jan.

Baina piskanaka piskanaka, agujetak agertzen hasi dira… telefonoz komunikatua ahal izateko ia 4 orduko bizikleta saioak eta albarikoke lehorketako eredua amaitzea, nekagarriak izan dira… Gainera, “Roza” egitera ( hau da, ezin jan eta edanak… Ramadama). Atzo goizeko 7etatik arratsaldeko 7ak arte bete nuen… (baina hala ere ez dut leial jokatu, zeren goizeko 3.00tatik arratsaldeko 7ak ezin baita ezer jan). Energiak akitu egiten dira. Batzuk 2 orduko siesta egiten dute… baina orokorrean emakumeak gari eta albarikoke uzta jasotzen jarraitzen dute.

Egunaren amaierarako saiatzen zara gosea kontrolatzen, zeren bestela parean harrapatutako guztia jango zenuke.

Gaur berriro bakarrik nago. 2.500 m.tara bakardea somatzen da, agian oxigeno faltarekin zerikusia daukan antzeko zerbait da. Baina hemengo jendearekin elkarbizitzen dudan bakardadea. Elkarbanatzen dugun bakardea. CESVI ONG italiarreko Camilla eta Cosimorekin elkarbanatzen dudana (azken hauekin ondamendiaren ondoren, erlazio estuagoa daukagu). Txema, Xixili, Guille eta FBFko gainontzeko kideekin (zeinak Bilbotik gogor borrokan ari diren ) elkarbanatzen dudana. Eta zuekin, nere entzule finekin elkarbanatzen dudana. 

Bihar filtro potabilizadorea jartzea espero dugu, eta bestetik Taliseko “C” mailako kaltetuak zenbatzen hasiko gara, hau da nekazaritza, ganadu eta komertzial alorreko kalteak.

Besarkada bat,

Ortzi

-------





Ortziren (FBF) komunikazioaren laburpena 

2010.eko abuztuaren 8a, Igandea 

Ibaia bere erretenera itzuli da. Taliseko lur jauzitik 44 ordu pasa dira, baina iragarpenak hurrengo asterako uholde-urak iragarri ditu. Bitartean, Guillermo eta FIFBMeko gure lagunak Machulu/Talis-en jarraitzen dute.



Afalostean bi taldeak elkar komunikatu gara. Beraien bizipenak jakinerazi dizkigute, zaborretatik 7 urteko neskatoa atera eta gero. Era berean, 50 urteko gizon bat negar malkoetan hasi zaie, bera eta alaba gazteena bakarrik bizirik atera direla familia osotik esaten zien bitartean. Baina ez daude bakarrik. Inguruko herrietatik jendea laguntzera etorri da. Ekimen pertsonalen bidez kaleetan diru bilketak egiten ari dira. 

Jendeak dirua eta esku lana eskeintzen ari da. Eta ia ia tantaka lortutako gasolina apurrarekin, jeepetan igotzen hasi dira. Bertako agintariek berriz, ez dute ia ezer egiten. Beraien aburuz, gure Fundazioari ezin diote lagundu; ezta gasolina litro bakar bat ere eman, baina hori esan eta gero, Distrituko Diputatua 5 kotxeekin, alargun geratu direnei agurtzera eta doluminak ematera joan da. 

Skardun ere gauzak mugitzen hasi dira. Italiako CESVI ONG, FIFBM (guk) eta RED CRESCENT-ekin batera ofizina txiki bat antolatu dugu. Taliserako kanpin-dendak, toldoak eta mantaz beteriko 4 jeep lortu ditugu. Baina gasolinarik gabe gaude. Militarrengana jo dugu, baina ez digute pasatzen utzi, eta ONUren egoitza batera ere joan gara bertako kontaktu bat geneukalako. Ea horrela jeepen deposituak betetzea lortzen dugun, bakarrik 60 litro behar ditugu jeep bakoitzeko. Eta pentsatzea ere, zein erraza den guretzat gasolindegi batera joatean, depositua betetzea !



Bihar goizerako dena lortzea espero dugu… eta jeep-ak abiatu ahal izatea. Ondoren, kaltetutako beste zonalde bat bisitatuko dugu… bertan 43 hildako izan dira. Gauden tokitik (Skardu-tik), ordu betera bakarrik.



Baina zerbait positiboa baldin badaukagu, hau, pertsonen alde gizatiarra da… eta askoz gehiago nabarmenago geratzen ari zaigu, gure gizartearen eta beraien komunitatearen arteko desberdintasuna. Beharrean oinarrituriko elkartasuna sortu da, eta berau oraingo egoeran oso ageriko geratu da. Eta honetaz bai, badaukagula zer ikasia.



Hondamendiaren informazioa Pakistango estatuan zehar zabaltzen hasi da...



http://pamirtimes.net/2010/08/07/around-50-people-killed-by-floods-in-skardu-and-ghanche-district-of-gilgit-baltistan/



Bitxia izan da Karma bailarako bi gazteen heriotza... Bi pakistandarrak, Indus ibaiak, Indiatik uretan zekarren moto batekin erakarririk, ibaian sartu dira eta ezin izan dute bertatik irten.

Begizuloekin ohera noa...



Ortzi







Ortziren kontaketaren zati bat.

2010. Abuztuaren 7-a larunbata.

Shiok ibaia ez da lasaitzen. 12 hildako eta 10 desagertu utzi ditu Hushe bailarako Thalis herrian.

Karakorum, Himalaya eta Hindu Kush mendikateetan, azken egunetako euri jasei urtze garaia erantsiz, monzoiak kalte larriak eragiten ari da inguruan.



Islamabadetik atera ezinik 6 egunez egon ginen. Errepide guztiak mozturik zeuden eta bertako telebistaren arabera, hildakoen zenbaketa handitzen zihoan, 150etik hasi eta egungo 2.000 gorpu zenbatu arte.



Ez ginen egoeraren larritasunaren jabe. Goizeko 7.00etan atera ginen mendietaruntz eta 2 eguneko bidaiaren ondoren Gilgit-era iritsi ginen. Horretarako ordea, 3 zubi puskatu oinez igaro behar izan genituen, jeepez aldatuz. Azkenean iritsi ginen, azken pasabidea 4.200 m.tara igaroz Chilas-en inguruan.



Hemen taldea banandu egin ginen: trekking-eko taldea Skardu-runtz abiatu zen eta Guille eta ni berriz, Gilgitera.



Bi egunetan hainbat bilera izan eta gero, egoeraren larritasunaz jabetzen hasi gara. Eguraldiaren larritasuna, Sunie eta Shiitaren arteko gatazkekin areagotu egin da. Hezkuntzako ministroarekin afaltzen ari garen bitartean, metrailadoren tiro hotsen oiartzuna entzuten dugu,.



CESVY ( Italiar ONG-a) eta Aga Khan (musulmandar ONG-a)-ekin hitzartutako albarikoke kurtsoak atzeratuak izan dira, ez baitago irakasleak herrietara bidaiatzeko behar adina gasolina.

Goruntz zetorren albarikokeak lehortzeko eta prozesatzeko industria geldirik dago, Islamabadetik iritsi beharreko tresneria ez baita iristen. Gainera, hezetasunaren ondorioz albarikoke zuhaitzak puskatzen ari dira eta onddo beltzen orbainak ikusten zaizkie.

Baina hala ere, jendea baikor dago, WWF-ekin izandako azken bilera eta gero, hurbileko etorkizun baterako eguzki sukalde eta ur beroaren integrazioaren inguruko lankidetza akordio baten esperantza eman digute. Eta era berean, Karakorum Parke Naturalaren inguruan garrantzizko kolaborazioa izateko esperantzarako bidea irikita utzi digute.



Ondorioz aho zapore onarekin abiatu ginen Gilgit-etik Skardu-ra. 6 orduz Indus ibaiaren ondoko errepidean goaz, ibaia bailara estuko lubetak iresten ari da. 25 km. falta zaizkigula, ibaiak errepidea eraman duela ikusi dugu. Gaua da, baina iristeko desiatzen gaudenez, motxilak bizkarrean hartu eta belaunaterainoko uretan, ibai izoztua gurutzatu dugu. Baina ez da ibaiak eraman duen errepide bakarra eta 6 km. ondoren, beste eroritako zati batekin topo egin dugu. Oraingoan, Rustan Ali (FIFBM-ko kidea) zain daukagu beste jeep batekin. Skardura iritsi gara, non FIFBMko gure lagun eta lankideekin eta Euskal mendizaleen taldearekin topo egin dugun.



Hurrengo egunean hasiko zaigu lana. Talde laneko bilerak, azken gertakarien inguruan eta zain dauzkagun lanen inguruan eguneratzeko.



Gauean, agurra. Trekking-eko talde handia Askole-rantz doa. Baina eguna korapilatsua argitu zaigu. 12 hildako eta 10 desagertu izan dira Thalis-en ! Thalis, FBF eta FIFBM lanean ari garen herrisketako bat da, eta Felix Iñurrategi Mendi Eskolatik (gure bulegoetatik) km. Bakar batera aurkitzen da.



Zirrara arraroa sentitu dugu. Ezin dugu sinetsi, duela hilabete hizketan egon garen gizon eta emakumeak urak eman dituenik.



Txema ( Bilboko FBF-ko koordinatzailea) jakinaren gainean jarri eta Skardu-tik Machulu eta Thalis-era nola igo planeatzen hasten gara. Taldean 6 gara: Claire ( ingeleseko irakasle bolondresa), Shanshair (FIFBMko koordinatzailea), Rustan Ali ( FIFBMko kidea), Basharat (Munawar School zuzendaria), Guille eta ni.



Taldeko 4 igotzea eta bi bertan geratzea erabaki dugu. Goran, ez daukate ez telefonorik ez eta internetik ere. Beraz, ezin dugu denok igo, zeren inkomunikaturik geratuko baigara. Shamshair eta ni Skardun geratu gara laguntza humanitarioa eta logistika lanak koordinatzeko, gainentzoak gora doaz.



Espainiar Enbajadari egoeraren berri eman diogu. Eta lau lerro hauek idatzi ditugu interneta lortzen ari garen bitartean. Gaur dena itxita dago, Shiiten egun handia da, Ramadam-aren etorrera ospatzen dute, eta lan egitea pekatua da.



Bitartean, Guille eta gainontzekoak bidean daude, Skardun dauden Machuluko jendea hotelera dator, horien artean Niza Hushain ( Munawar School-eko fundatzailea). Errekaste lanak nola burutzen ari diren jakiten saiatu gara. Islambadetik jaso dugu berria: senitartekoren bat mugikorraren bidez kontaktuan jarri da Islamabadeko gure ezagunekin eta Thalis inguruko herrietako bizilagunak mobilizatu direla jakinarazi digute. Komunitate izpiritua handia da, denak familia bakar bat sentitzen dira. Kontrafuerte bat eraikiz, ibaiak bere bidea hartzea lortu dute eta hondakinen artetik beste lau hildako atera dituzte. Zaurituak eta etxea galdu dutenak, ondoko herrietan bizi diren beraien senitartekoek jaso dituzte. Baina ez dira izan momentuko galerak bakarrik. Oso arduratuak daude, aste honetan bertan jasotzekoak ziren uztaren galeraren inguruan. Ibaiak, garia, berdurak, ganadua etab. eraman ditu, hala ere esperantza ez eraman izana espero dugu.

Iristen ari zaizkigun berriekin, Shainshair gora igotzean pentsatzen ari da. Baina oso gasolina gutxi dago. Hemendik ordubete gasolindegira gerturatzekoa da, ea norbaitek eramango duen jakiteko. Ni hemen geratuko naiz. Interneteko konexioa itzultzea espero dugu, larrieldiko laguntza aurrera eraman ahal izateko.



Bihar Guillermorekin kontaktuan jartzen saiatuko gara, horrela berak emango dizkigu erosi eta gora bidali beharreko elikagai eta produktuen gaineko argibideak. Era berean albarikokeen lehorketaren eredua bukatzea espero dugu, ea uztaren zati bat berreskuratzea lortzen dugun…



Gaur, ezinaren sentsazioa inoiz baina indartsuagoa egiten ari da.



Momentuz, eman dezakegun laguntza zuzenean egingo da. Diagnostiko argiago bat eta laguntza protokolo bat daukagun bezain azkar, eguneratzen joango gatzaizkizue.



Skardu-tik, Pakistandik, besarkada bat.



Ortzi



Oharra: Argazkian, lokatzak eraman duen Thalis herria ikus genezake.