Aldaketak Hushe Ibarrean.

2015/12/23
Urtea amaitzear dela, Hushe Ibarrean azken urteotan eragindako aldaketa garrantzitsuenen balantzea egin nahi izan dugu.

Urtea amaitzear dela, Hushe Ibarrean azken urteotan eragindako aldaketa garrantzitsuenen balantzea egin nahi izan dugu, jakin arren aldaketa osoago baten zati izanik, agian garrantzitsuenetakoak, ez dutela gertatzen ari dena bere osotasunean azaltzen. Hala ere, aldaketa hauek oso kontuan hartzekoak dira gure ustez, gure estrategia eta helburuekin bat egiten duten egitasmoetan oinarritzen direlako.

Hezkuntza.

 Hezkuntza da gure jarduera-lerro nagusienetako bat eta dudarik gabe arrakasta ikusgarriena eta ukigarriena erakusten duena. 2006an Hushe Ibarreko 3 eta 15 urte bitarteko neska-mutilen artean %48 baino ez zen eskolara joaten. Nesken artean % 30ekoa zen portzentajea. Datuak ezagututa, bai bigarren mailako hezkuntzan, bai lehen mailakoan, haurren eskolatzea eta bereziki neskena bultzatzeko beka sistema bat ezarri genuen. Ondorioak harrigarriak dira. Felix Foundation Baltistan elkarteko facebooken argitaratutako balantzeak erakusten duenez, gaur gurasoen nahia seme-alabak ikastea da. Bederatzi urtetan %92a eskolatzera pasatu dira Ibarrean, %90a nesken kasuan, erabateko eskolatzetik nahiko gertu eta duela bederatzi urte baino 44 puntu gorago. Beken bidez emandako erraztasunek oro har, eta bigarren hezkuntzako ikasketak amaitu dituzten neska-mutilen prestigio sozialak mirari hau lortu dute.

 

Munawar eskolako emaitzak.

Orri berean, Munawar eskolako 2015eko emaitzak jasotzen dira. Ez da gauza bera egiten proiektuko beste eskolekin, baina Munawarreko kasuan gainditze tasak kontuan hartzekoak dira (%91,28), are gehiago frogatu izan delako beste eskualde batzuetako ikasleen mailara iristen ari direla Hushe Ibarrekoak ere.

Ekografoa emakume haurdunentzat.

Orri berean beste albiste bat irakur dezakegu: ekografo berria iritsi da Matxulura dagoeneko. Honekin batera Khapuluko (Distritoko hiriburua eta Ibarretik kanpo)  emaginaren zerbitzuak hitzartu dira hurrengo bi urtetarako, ekografoa hartuta emakume haurdunak ikus ditzan etxez etxe. Orain arte Ibarrean ez zegoen zerbitzu bat da, eta honi esker, haurdunaldiaren jarraipen zehatzagoa egitea posible izango da, emakumeen eta jaiotzear dauden haurren osasunean, eta agian bizitzan ere, oso eragin handia izango du ekimenak zalantzarik gabe. Gainera, Machuluko beste emakume batek (L.H.V.), praktikak egingo ditu berarekin, bi urte barru Ibarrean bi emagin prestatu izateko helburuarekin: Ibarretik kanpo ikastera bidali duguna, eta Khapuluko emakiganerakin praktikak egingo dituena.

Bi albiste hauek azpimarratu nahi izan ditugu, beste askoren artean aldaketaren adierazle garbienak direlako gure iritziz.

Amaitzeko, lerro hauek irakurri dituzuen guztioi, gure esker ona hartu duzuen lanagatik, eta eskaera bat: jarrai ezazue proiektu orokor honetan sinesten eta laguntzen, berme guztiak eskaintzen dituen egitasmo baten aurrean zaudete eta.

Bide batez, jai zoriontsuak izan ditzazuela, eta 2016 zoriontsuago eta solidarioago bat.