Aniqa Banoren hitzaldia azaroaren 9an Bilbon

2016/11/05
Baltistanen jaioa, Hushe Ibarreko Saling herrian hain zuzen, Aga Khanen Gilgiteko Unibertsitateko PDCNn egin zituen irakasle ikasketak Aniqa Banok.
Card image cap

Baltistanen jaioa, Hushe Ibarreko Saling herrian hain zuzen, Aga Khanen Gilgiteko Unibertsitateko PDCNn egin zituen irakasle ikasketak Aniqa Banok. Eskualdeko hainbat eskoletako ingeles eta matematikako bigarren hezkuntzako irakaslea da eta Aga Khanek bultzatutako nekazal-garapeneko hainbat programetan parte hartutakoa.

Bere senarrarekin batera, Narjis Khatoon Osasun eta Hezkuntzarako Fundazioaren buru da. 2013an sortu zuten Fundazioa bere bi alaba gor-mutuen jaiotzaren ondoren. Hezkuntza bitarteko hartuta, eskualdeko neska-mutiko gor-mutuei giza-garapena eta ahalduntzea ahalbidetzeko asmoarekin ari dira, baina momentuz nahiko lan dute haur gor-mutuek gizartetik jasotzen duten bazterkeria patua sahiestearekin.

Egoera horretan, bi alaben etorkizuna bideratzeko asmo irmoarekin, eta bi neskatxak eskolatzeko, Karatxira Joan ziren. Entzumen inplantetarako hainbat tratamendutan saiatu ziren eta neska-mutiko gor-mutuen hezkuntzan erabili beharreko tekniketan trebatu ziren senar-emazteak Baltistanera itzultzean ikasitakoa erabiltzeko. Behin itzulita, eskola bat jarri zuten martxan euren ekimen hutsez, Skarduko euren etxean (Hushe Ibarretik laupabost ordura autoz), neska-mutiko gor-mutuak arratsaldetan artatzeko.

Egun, 26 ikasle dituzte, horietatik 18 barnetegi erregimenean. Hauetako bosten gastuak Baltistan Fundazioak hartzen ditu bere gain, beste bostenak babesle ezezagun batek ordaintzen ditu, birenak euren familiek eta beste seiren gastuak Aniqak eta senarrak hartzen dituzte bere gain.

Bizitza eta konpromiso eredugarri baten aurrean gaude, oraindik ere ingurune horretan jaiotzen diren neskak 12 edo 13 urterekin ezkontzeko patua baino ez dutelako ezagutzen, eskolatzeko aukerarik gabe noski, baina Aniqak, bertan jaioa izan arren, frogatu du ikasteko aukerak izanez gero emakumeak ere, nahi dutena lortzeko gai direla etxeko animoak eta laguntza baldin badute. Gainera, bi alaba gor-mutu izatea akuilua izan zen berarentzat eta senarrarentzat eta hauei hezkuntza aukera onenak emateko, senar-emazteak, seinu-hizkuntzaren irakaskuntzan trebatu ziren.

Egun hauetan Euskal herrian dago, Munduko toki baztertu honetan neska guztien eskolatzea, Hushe Ibarreko neska-mutiko gor-mutuak Aniqaren eskolara bidaltzea, eta emakumeak bere gaitasunen jabe izan daitezela bultzatzen duen Baltistan Fundazioaren eskutik.

Horren guztiaren eta Islamaren aurpegi baketsuaren berri ematera etorri zaigu, eta datorren 9an, Bilboko Rekalde Aretoan izango dugu arratsaldeko 7etan hitzaldi interesgarri bat ematen.

Hedabideetan agertzen ez diren bizitza eta pertsona miresgarriak ere badirela ikustera gonbidatuta zaude.