Aro berria Baltistan Fundazioarentzat

2022/02/10
Zuetariko askok dakizuenez, 2015-18ko gogoeta estrategikoarekin batera, Hushe Ibarrean genuen presentzia eta eskaintzen genuen babesa funtsean berbideratzeko erabakia hartu genuen.
Card image cap

Gogoetaren aurkezpenetan erabilitako gardenkietako bat hartuko dut esku artean:

foto1.png

Ondorioz, Ibarreko komunitatearen protagonismoa eta autonomia bultzatzeko konpromisoa hartu genuen, era aldi berean erakundeko pertsonen gaitasunak hobetzea lehenetsi genuen.

Gure kontraparteak gobernantzan aurrera egiteak urteetan gertatu den ipar-hego mendekotasun prozesua iraultzea suposatu beharko luke.

Aipatu mendekotasuna, erabakitze prozesuetara, nahiz bertan garatu beharreko egitasmoen finantzaketa bideetara hedatzen zen.

Beraz, gogoeta estrategikoan inplizituki jasotako helburuak eskatzen zigun komunitatearen esku uzten joatea haren garapenari buruzko erabakiak, eta erabaki horietatik erator zitezkeen proiektuak kudeatzeko modua ere.

Ondorioz, baliabide ekonomikoen hornitzaile bakarrarekiko –Baltistan Fundazioa- zegoen mendekotasun ekonomikoa ere aldatu egingo zen.

Berez konplexotasun handikoa den prozesu hau ezin zitekeen aurrera eraman ibarrean zeuden gaitasun soilekin. Horregatik 2016 eta 2017 urteetan , Ibarreko bi lagunen prestakuntza sakona Euskadin burutzeko baliabideak bilatzen eman genituen.

Jakin bagenekien apustu garestia eta arriskutsuaizango zela, prestakuntzaren finantzaketak ez baitu bermatzen inolaz ere ondorengo itzulerarik tokian tokiko proiektuan murgiltzen garenean. Hala ere, beharrezko apustua iruditu zitzaigun, eta 2018 eta 2019 urteetan burutu genuen. Bi pertsona, Shazia Maryam eta Basharat Alí Oñatin egon baitziren ikasten “Lidergo ekintzailea eta berrikuntza” Mondragon Unibertsitateko fakultatean, eta Basharatek Berrikuntzako plataforma irekietan, EHUko Leioako campusean eta Agirre Lehendakari Center-en landutakoekin osatu zuen bere formakuntza.

Behin bien prestakuntza zikloa amaituta, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Transferentzia teknologikoko proiektuen 2019ko deialdian aurkeztu genuen Ibarreko gobernantza hobetzea helburu zuen proiektua.

Aurrekoetan ez bezala, komunitatearen erabakitzeko erabateko autonomia ahalbidetzera zuzendutako proiektua zen, ez ordezkatzera.

Proiektua onartua izan zen, eta 2019ko abenduan, oso baldintza zailetan eman zituen lehen urratsak pandemiaren eraginez sortu zen itxialdi globalean murgilduta.

Zailtasunak zailtasun proiektuak aurrera egin du aurrikusitako planaren arabera.

Lehen fase batean, biztanleria aldez aurretik prestatzeari ekin zitzaion, batez ere entzute aktiboko prozesuetan oinarrituta, narratibak atzemateko, lidergoak identifikatzeko eta prestatzeko, funtsezko eragileak, lider sozialak, erlijiosoak, tokiko erakundeak eta instituzioak identifikatzeko, eta guztien artean, berezko problematikei erantzuteko estilo berri bat sortuz 2021ean zehar, eta eskala desberdinetan garatuta, bailararen garapen sistemikoan eragin zezaketen prototipoak identifikatzeko estilo berri bat sortu zuten.

foto2.png

foto3.jpgfoto4.jpg

Prozesu honek erabateko aldaketa dakar lankidetzaren ikuskeran, nazioarteko eragile nagusiekin lerrokatua, zeinaren bidez igarotzen gara arlo berezituetako –hezkuntza, osasuna, giza eskubideak, generoa…- gehikuntza lineal, lotura gabeko eta desorekatuen ikuskeratik, komunitatearen, bere eragile pribatuen, erakunde eta instituzio politikoen esku dauden garapen prozesuen ikuskera holistikoago eta orekatuago batera.

foto5.jpg

Gure kontraparteak garatutako prozesuaren balioari berari gehitu behar zaio, pandemia-egoeran, Covidak gogor jotako urrutiko lurraldean, eta gatazka-eremuan egin izana. Horrek guztiak, NBGPren (Nazio Batuen Garapenerako Programa) interesa piztu du, eta Asiako berrikuntza-plataforma irekietan oinarritutako bere garapen-proiektu esperimentalen barruan sartu du. NBGPez gain, nazioarteko beste eragile batzuk, hala nola ALC-ek (Agirre lehendakaria Center), Kuwaiteko Maraffi Fundazioak, Aga Khan Fundazioko AKRSP-ek, eta lanbide heziketako zentro bat bultzatzeko interesa duen mezenas anglo-pakistandar batek, interes handiarekin jarraitu dute proiektua, eta GBP (Gizarte Berrikuntzako Plataforma) plataformaren hainbat sailetan sartu dira: finantzaketa, prestakuntza, kudeaketa, aholkularitza, etab.

foto6.jpg

foto7.jpg

foto8.jpg
(Hushe Ibarreko plataforma duela gutxi agintariei aurkezten)

Garrantzitsua da azpimarratzea bi urtetako lan hori guztia, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantziatu duela maila txiki batean, guztira 40.000€ izan dira, onartutako kopuru osoaren %20ari zegozkionak eta 2019ko abenduan abonatu zitzaizkigunak. Gainerakoa Baltistan Fundazioaren baliabideekin, eta GBPak berak finantzazio eske jo duen nazioarteko eta Pakistaneko hainbat erakunderen bidez egin da, eta gure kontrapartearen borondatezko lan askori esker lortu da.

foto9.jpg

Pozez eta harrotasunez betetzen gaitu gure kontrapartearen lanak gaur arte lortu duen arrakasta ikusteak, eurei bakarrik egotzi dakiekeena, eta gaur egun bost prototiporen garapenean buru-belarri sartuta dagoena.

  • Albertxigoa eta deribatuen ekoizpenari balio erantsia ematea.
  • Te ekoizpena
  • Hazi hibridoen ekoizpena negutegietan.
  • Ehungintza eta eskulangintzako emakume-koperatiba.
  • Nekazari-koperatiba ekoizkinak batera merkaturatzeko

Horiekin batera etorkizun hurbilean garatu beharrekoak:

  • Ibarreko hezkuntza plan integrala
  • Osasun zerbitzuen koperatiba
  • Lanbide hezkuntzako eskola

foto10.jpg

foto11.jpgfoto12.jpg

foto13.jpg

foto14.jpg

foto15.jpg

foto16.jpg

Hushe Ibarreko BSPa arrakasta eredutzat jo du NBGPek, eta prototipoen garapenerako finantzaketa lerro bat onartu du 2021-2022rako. Lankidetza erakundeen Nazioarteko hainbat forotan ari dira bai ALC eta bai NBGP bera ere aurkezpenak egiten, eta Suedian urtarrileko bigarren hamabostaldian egindakoak arreta berezia piztu du britainiar filantropoengan eta Pakistango nahiz nazioarteko garapeneko instituzioetan.

Aitzitik, iragan abenduan Garapeneko Lankidetzarako Euskal Agentziak erabaki zuen lantzen ari ginen proiektua ez zetorrela bat aurkeztutako marko logikoaren matrizearekin, ez ziola bideragarritasunik ikusten etorkizunean, eta ondorioz amaitutzat ematen zuela. Hots, ez da finantzaketa gehiago izango, 2020 eta 2021erako aurreratutakoa galdu egingo dugu, eta okerragoa dena, 2022ko ekainera arte, hau da amaiera arte aurreikusita geneukan finantzaketari eustea eragozten digu.

Erabakia erabat bidegabea iruditu zaigu ez datorrelako egiarekin bat. Proiektua hitzez hitz ari da betetzen aurkeztu genuenean ezartzen genituen helburuak; Egindako gastuak behar bezala zuritu ditugu, eta esan dugun bezala aurrera egiten ari da tokiko eta nazioarteko pertzepzioan, gure Lankidetza Agentzia maitatuarenean ez bezala.

Ondorio bezala azpimarratu behar dugu prozesuaren jarraipena eta ibilbide arrakastatsua ahalbidetu dutenak honakoak izan direla:

  • Ibarreko hiritar askoren borondatezko lana.
  • Beste instituzio batzuen laguntza; ALC eta NBGPren laguntza tekniko eta ekonomikoa.
  • Baltistan Fundazioak bere funtsetatik, eta norbanakoen dohaintzetatik emandako laguntza ekonomikoa.

Egun Ibarreko komunitatearen protagonismoa ez da teoria bat, errealitatea baizik; eta errealitate aparta.

Azken bi urte hauetan, Hushe Ibarrean, 540 bazkide dituzten 8 nekazari-koperatiba sortu dira, 80 emakumek sortutako koperatiba bat Ternuaren laguntzarekin bere produktuak Europan zehar saltzen ari dena. Horrez gain 2022an ekintzaile bihurtuko diren hiru prototipo ere sortu dira: erabilpen gastronomikotarako albertxigo-olioaren ekoizpenean, belar usaintsu eta tisanak ekoitzi eta merkaturatzean, eta negutegietan hazi eta barazkiak ekoiztean oinarritzen direnak.

Hiru prototipoak NBGPek finantzatu ditu, eta 2022rako finantzaketa kopuru berdintsua hitzartu du, eta nazioartean errotutako euskal aholkularitza gastronomiko batek diseinatu ditu, zeinak proiektua lagundu eta bultzatzen baitu gure diru-laguntza barik, eta esan gabe doa AVC-ELANKIDETZArenarik gabe.
Hezkuntza arloan, lehen eta bigarren hezkuntzak nabarmen hobetzeko ekimenak sortzen ari dira eskoletako aita-amen lidergoarekin. Halaber, Lanbide-Hezkuntzako eskola bat sortzeko proiektu bat martxan jartzen ari dira.

Hau da lortutako arrakasta, eta hau da egoera: Ezarritako helburua erdietsi dugu; Ibarraren garapenean orain arte izan dugun ezinbesteko zuzendaritza eta finantzaketa, herritarren protagonismoak eta autonomiak ordezkatu ditu.

Bistan da aurrekoak funtsezko eraldaketa bat eskatzen duela Baltistan Fundazioaren etorkizunean.

Besteak beste, erakunde txikiago bat, ez hain aktiboa, eta instituzioen diru-laguntzen mende ez dagoen erakundea izatera derrigortzen gaitu.

Gure oraingo helburua izango litzateke Ibarreko taldeen lidergopean abian jarriko diren ekimen, proiektu edo garapenetan unean uneko laguntzak eskainiko dituen erakunde bihurtzea, eurak iturri eta instituzio desberdinetatik, eta noski euren funts propioetatik lor dezaketen finantzaketa osatuz.

Hezkuntza ekimen berrietara, edo Lanbide Hezkuntzara nahiz nekazal garapenera zuzendutako unean uneko laguntzak, hots, proiektuen abiatze, finantzaketa eta garapenaren arduradun bakarrak ez izatea, baizik eta baliabideen araberako laguntzaile huts bihurtzea.

Aldaketa honen ondorioz, Baltistan fundazioa erakunde malguago eta bakunago baterako bidetik joango da, fiantzaketa arlora ere hedatuko delarik ideia nagusi hau. Jarraitu beharko dugu norbanakoen dohaintzak, koperatiba eta beste enpresa batzuenak mantentzen, eta baita bazkideen ekarpenak unean uneko laguntza horietarako. Adibidez, azken urteotan eskaintzen aritu garen hezkuntza-laguntzetarako. Hala ere, gure Fundazioak ez du gehiago Husheko proiektuak finantzatzeko diru-laguntzarik eskatuko gure Instituzioetan. Dagoeneko Baltistan Fundazioaren iraganeko historia da hori.

Aro berriak Baltistan Fundazioarentzat. Jarraituko dugu gorabehera guztien berri ematen.

sinadura_pedro.png

Pedro Ibarra

Lehendakaria