Haurdunak artatzeko gela berria Matxulun

2015/12/30
Abenduaren erdi aldean emakume haurdunak artatzeko gela bat eta ekografoa inauguratu ziren Matxuluko Osasun zentruan.
Card image cap
Azken urteotan osasun eskubidearen alde egindako lanaren ondorioz, Hushe Ibarreko emakumeen ahalduntze prozesuetan aurrerapen handiak ekarriko dituen gertaera garrantzitsu baten berri eman beharra dugu. Genero eta Garapenaren arloan Felix Foundation Baltistan (FFB) tokiko elkarteak egiten duen lanaren barruan, osasun, garbitasun eta ugalketa eskubideei buruzko hainbat ikastaro eman dira Euskal instituzio publikoek diruz lagundutako jardueren esparruaren barruan. Prestakuntza saioetan emakumeek haurdunaldirako kalitateko artatzea eskatu dute behin eta berriro, eta azken udazkenean, bi Fundazioen konpromiso irmoa eskatu zuten proposatzen zuten proiektu baterako. Emakumeen ekimen honi jarraiki, aurrerapen garrantzitsu bat izan da Ibarrean Matxuluko Osasun Zentroan emakume haurdunak artatzeko gela bat zabaltzean. Horretarako beharrezkoa izan da FFBren lidergoa, baina baita ere Ganche barrutiko autoritateen bultzada –People´s Primary Health Initiative (PPHI)- hurrengo bi urtetarako hitzarmen bat izenpetuz. Haurdunaldi eta erditzeen artatze gela, abenduaren erdi aldean inauguratu da, eta ekitaldira Giza-ongizate saileko ordezkariak etorri ziren, FFBek Ibarrean egiten duen lana azpimarratu zuten eta Ghanche barrutiko giza garapenaren aldeko erreferente nagusitzat jo zuten. Aurrekoarekin lotuta, ekografo bat eraman da BFA-DFBak 2015ean onartutako proiektu orokorrago baten barruan. Aurrerantzean errazagoa izango da haurdunaldi eta erditzean sor daitezkeen arazoak aurrikustea. 2016an zehar tailerren bidez jarraituko dugu gai hauetan eta beste batzuetan lanean, emakumeen ahalduntze prozesuak sustatzeko. Helburua da bi urteren buruan gela hau bideragarria izatea komunitatearen eta baltiar instituzioen laguntzarekin.