Mola Dad Shafari Elkarrizketa Puntua aldizkarian

2016/02/10
Goienak argitaratzen duen Puntua astekariak elkarrizketa egin dio Mola Dad Shafari. Interesgarria gerta daitekeelakoan ekartzen dugu gure webgunera.
Card image cap

Puntua aldizkarian argitaratutako elkarrizketa bere osotasunean:

Pakistango Aga Khan Unibertsitateko Mola Dad Shafa izan da Euskal Herrian, eta baita Debagoienean ere, urtarrilaren 20tik 28ra arte; adibidez, Bilbon, Hezkuntza: giza-garapenaren motorea izeneko hitzaldia egin zuen. Unibertsitate horren Iparraldeko Lanbide Garapenerako Zentroko (PDCN) zuzendaria da eta Baltistan Fundazioarekin hainbat kolaborazio egin du Gilgit-Baltistan lurraldeko biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko, batez ere hezkuntzari eta emakumeen ahalduntzeari dagokienez. Mola Dad Shafaren bizitzak berak adierazten du nahiko ondo hezkuntzarekin urruti ailegatu daitekeela norbera; izan ere, nekazari familia batekoa da eta Kanadan doktoretza egitera ailegatu zen. Baltistan Fundazioarekiko eta Euskal Herriarekiko gorazarrezko hitzak besterik ez du Mola Dad Shafak.

Lehenengo bisita duzu honako hau Euskal Herrira. Zelakoa izan da?
Zoragarria. Herrialde eta paisaia ederrak dituzue. Gure lurraldea ere oso ederra da, baina modu desberdin baten. Benetan gozatu dugu gure egonaldia emazteak eta biok. Batik bat, 20 puntua Bilbon egon gara, baina Gasteiz eta Gernika ere bisitatu ditugu. Lehenengo bisita da, bai, baina espero dut ez dela azkenengoa izango.

Zein izan da zure etorreraren helburua?
Aga Khan Unibertsitatea, nire erakundea, nazioartekoa da eta hiru kontinentetan bederatzi campus ditu. Pakistango iparraldean erakunde bat du, PDCN (Iparraldeko Lanbide Garapenerako Zentroa), eta Baltistan Fundazioarekin elkarlana egin du PDCNk. Gilgit-Baltistango Machulu izeneko herrian, Hushe delako haranean egin dute lan. Oso-oso pobrea da haran hori, baina ikusgarria da oso mendi altuak dituelako eta eskalatzeko lekua delako. Azken 10-12 urteotan, lan zoragarria egin dute bertakoen bizi-baldintzak hobetzeko: hezkuntzara sarbidea erraztu dute, batez ere neskendako; emakumeen ahalduntzerako ekimenak egin dituzte, baita pobrezia murrizteko ere; bizilagunek edateko ur garbia izan dezaten lan egin dute; eta bertako emakumeen enplegagarritasuna hobetu dute, bokaziozko prestakuntza zentro bidez. Hitz baten esanda, lan handia egin du Baltistan Fundazioak.

Zein izan da zuk ordezkatzen duzun zentroaren, PDCNren, eginkizuna?
PDCNk azken sei edo zazpi urteotan egin du Fundazioarekin batera lan. Guk esperientzia dugu eta adituak gara bertako jendearen ahalmenak jorratzen eta handitzen: bizilagun arruntak, irakasleak, ikastetxeetako zuzendariak eta ikasketa-buruak, eskola-batzordeak... Orain, garapen sozio-ekonomikorako plan estrategiko bat bukatzen gabiltza. Hiru eta bost urte artean garatzeko da. Baltistan Fundazioak babestu du plan hori eta gu Fundazioari berau garatzeko laguntzen gabiltza. Eta, hain zuzen, Fundazioari plan bat aurkeztu, haien ekarpena eta aholkua jaso eta plan hori hobetzeko helburuarekin etorri naiz Euskal Herrira.

Nola bete nahi dituzue plan estrategiko horren helburuak? Hau da, Hushe haraneko biztanleen bizi-kalitatea hobetzea?
Sei edo zazpi sektore dauzkagu, eta horietako bakoitzean eragiteko ahaleginetan dabil Baltistan Fundazioa. Adibidez, hezkuntzan, eskolak egin dituzte eta irakasleak hartu dituzte, eta irakasleon ahalmenak jorratzeko prestakuntza kurtsoak antolatu dituzte. Emakumeen ahalduntzeari dagokionez, zentro batzuk eraiki dituzte, enplegurako aukera hobeak izan ditzaten emakumeok. Bestalde, nekazari lurraldea denez, baserritarrei lagundu diete nekazaritzako molde berriak ikas ditzaten. Garapen ekonomikoa da beste esparru bat. Lanik gabe dauden gazteei aukerak eskaintzeko modua esploratzen gabiltza gu, eta Baltistan Fundazioa lankide dugu horretan ere. Lan kualifikatuak eman nahi dizkiegu, dirua irabazteko aukera izan dezaten. Haranean arbitraje eta adiskidetze kontuek ere arduratzen gaituzte. Adibidez, jendeari erakutsi beharko litzaioke euren arazoak euren artean konpontzen,poliziarengana edo epaitegietara jo barik. Osasunean, Machuluko eta Hushe haran osoko biztanleendako baliabide hobeak lortu nahi ditu Fundazioak, eta, horretarako, gobernuarekin negoziatzen dabil. Horiek dira Baltistan Fundazioak bere eraginpean hartu dituen esparruetako batzuk.

Hezkuntza da zure kezka nagusietako bat eta arlo horretan egiten duzu lan. Alde handiak daude Pakistango lurralde batzuen eta beste batzuen artean?
Bai. Pakistanen bi hezkuntza sistema nagusi ditugu: sistema publiko bat, gobernuak kudeatzen duena eta non kalitatea ez den oso ona izaten; eta sistema pribatu bat. Sistema publikoak hartzen ditu ikasle gehienak, baina ez ditu horiek etorkizunerako prestatzen, eta horixe da hezkuntza, hain zuzen ere: etorkizunerako prestatzea ikaslea, bizimodu ohoretsu eta duina bizi ahal izan dezaten. Bigarren sisteman, pribatuan, ikastetxeek tarifa batzuk kobratzen dituzte; ikastetxe publikoetan ikaskuntza doakoa da. Ikastetxe pribatuetan kalitatea hobea da. Nire unibertsitatea, Aga Khan, tokiko gobernuarekin lanean ibili da gobernuaren eskolak hobetzeko, ume gehienak horietara doazelako. Gilgit-Baltistanen, adibidez, umeen %70 joaten dira gobernuaren eskoletara. Eta eskola horiek ez baditugu hobetzen, gure etorkizuna iluna da. Gure ume gehienen etorkizuna ziurtatu behar dugu, eta, horretarako, gobernuaren eskolak hobetzeko jardun behar dugu. Hushe haranean hamar herrixka daude, eta Baltistan Fundazioak Munawar Eskola sortu du, baina gobernuaren eskolak hobetzeko ahaleginak ere egiten dabil; hain zuzen, eskola horiek modu profesionalagoan kudeatu daitezen da helburua, eta horretarako babesa lortzea.

Eta ze egoeratan daude neskak, hezkuntzari dagokionez?
Pakistan osoan, baina batez ere Gilgit-Baltistanen, neska gutxiago daude eskolara joaten direnak mutilak baino. Gizarte batzuek ez dute gustuko euren neskei hezkuntza bat ematea, baina hori oso agudo aldatzen ari da. Hala, Hushe harana bezalako leku urrunetan ere, orain neskatxoak eskolara joaten hasi dira. Eta horixe da, hain zuzen ere, Baltistan Fundazioaren lehentasunetako bat Hushe haranerako. Horregatik, gurasoei diru sariak ematen hasi dira; neskatxoak 22 puntua eskolaratzeko diru laguntzak, alegia. Neskatxo batek bosgarren maila gainditzen badu, eta bere herrian seigarren mailako eta goragoko hezkuntza jasotzeko aukerarik ez badago, beste herri batzuetara joateko garraiorako diru laguntzak ere ematen ditu Baltistan Fundazioak. Horrez gain, Islamabad, Lahore eta beste hiri handi batzuetan hamargarren eta hamalaugarren maila artean eskolara joateko laguntzak ere ematen ditu. Oro har, nesken hezkuntza eta eskolaratze portzentajea mutilena baino txikiagoa da, baina, pixkana-pixkana, handitzen dabil.

Talibanek boterea irabazi duten lekuetan egoera okertu egin da ala lehendik ere berdintsua zen?
Zorionez, Gilgit-Baltistanen talibanek ez dute botere handirik, eta, beraz, ez dira oztopo aipagarria. Afganistanekiko mugan dauden lurretan badute eragin handiagoa; azken 10 edo 15 urteotan ekintza batzuk egin izan dituzte, hala nola nesken ikastetxeak eztandarazi, eta neskei eskolara joateko gogoa kendu. Baina, azken bizpahiru urteotan, Pakistango armada talibanen aurkako jarduera serioa egiten ibili da eta gune horiek haien eraginetik garbi utzi dituzte. Gilgit-Baltistanen, talibanek ez dute entitaterik; batzuetan, komunitate-arteko liskarrak badaude, bai, baina gure lurraldean ez dago talibanen eraginari leporatu ahal diezaiokegun eragozpen edo gorabehera handirik.

Azken urteotan ospetsu egin da mundu osoan Malala Yousafzai gaztetxoa. Pakistango nesken egoeraz kontzientzia pizten lagundu duela esango zenuke?
Bai, eta asko, gainera. Talibanek tiro egin zioten eta bizirik irten zen, Britainia Handira eraman zuten eta bere zaurietarako tratamendua jaso zuen ospitalean. Azkenean, Nobel saria eman zioten. Horren guztiaren ondorioz, Pakistango gizarteek eta giza multzoek jaso zuten mezua honako hau izan zen: neskatxo gazte bat mundu osoan ezagun egin zela eta bere adineko beste neska batzuengan eragin handia izan zuela, baina, nazio osoan eta globalki ere, lidergoan izugarrizko inpaktua izan duela. Prestakuntza bukatzen duenean, beharbada bere jaioterrira itzuliko da eta litekeena da goreneko posturen bat izatea politikan. Nazioarteak gehiago egin beharko luke Pakistanen eragiteko, eta beharbada beste herrialde batzuetan ere bai? Egin egin behar du; ez dut uste ez egiteko aukera duenik. Mundua oso leku txikia bilakatu da, elkarrekin zeharo konektatuta gaudelako. Kanadan, doktoretza egin nuen herrialdean, neukan irakasle bat gogoratzen dut. Hark gustuko zuen esatea Pekinen tximeleta batek hegoak astintzeak Washingtonen ekaitza sor zezakeela. Dagoeneko ez gara familia bat, gizarte bat, nazio bat; mundu osoa herri txiki eta familia bakar bihurtzen ari da. Familian, anaia bat oso pobrea baldin bada, ezjakina, hezkuntzarik gabekoa, eta beste anaiari bizitzan oso ondo badoakio, globalki ez da garapen ona. Garapen sostengarria hauxe da: denok aurrera egitea batera. Horregatik, munduko baliabideen banaketa, azken mendeotan, ez da zentzuzkoa; munduko populazioaren %1ek beste %99ak adina aberastasun dauka. Ez da bidezkoa. Hortaz, herrialde garatuenek herrialde pobreak babestu behar dituzte; hori egin ezean, zaila izango da mundua leku baketsu bat izatea.

Elkarrizketa honen hasieran, oso pozik zenirudien Baltistan Fundazioarekin eta Euskal Herriarekin.
Oso esker oneko nago aukera hau daukadalako, Pakistandik etorri eta zure galderei erantzuteko. Elkarrizketa honen bitartez, Baltistan Fundazioak Pakistango leku urrun baten, Hushe haranean, egin duen lan eredugarri eta inspirazio-sorburu izan dena azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, arrakasta baten historia da honako hau. Fundazioa Euskal Herrian sortua da, eta euskal gizarteak harro egon beharko luke horretaz eta jende gehiagok inplikatu beharko luke helburu zintzo horrekin. Hamar bat urteko epean, baldintza sozioekonomikoak aldatu egin dira; emakumeak bistaratzeko beldur ziren eta orain heziketa bat jasotzen ari dira. Izugarrizko aldaketa da hori. Atzerritarrak lagun onenen gisa ikusten dituzte orain bertakoek; mundua ikusteko moduan izugarrizko aldaketa da hori ere. Arrakasta historia zoragarria da honakoa eta Euskal Herrian du sorrera, eta gero eta jende gehiagok egin beharko luke bat Baltistan Fundazioarekin. Lagunei esan nien ez nekiela askorik gizarte zoragarri honetaz eta bere ondare aberatsaz. Espainia bakarrik ezagutzen nuen. Baina orain, iruditzen zait mundu osoak jakin beharko lukeela zein jende zoragarri eta zein kultura aberatsa dagoen hemen; zein jende eskuzabala, lagunkoia eta maitekorra. Maitasuna ematen dute eta maitagarriak dira. Aukera paregabea izan dugu emazteak eta biok hona etorri eta zuek guztiok ezagutzeko. Euskal Herriko jendeak harro egoteko moduko ondarea eta kultura dauka, eta harro egon beharko litzateke ere bere espiritu eskuzabalaz eta besteekin konpartitzeko duen grinaz; eta Baltistan Fundazioa horren eredu da guretako.