Samina Baigen hitzaldia Rekalde aretoan atzo.

2015/12/10
Samina Baigek hitzaldi polita eskaini zuen atzo Rekalde aretoan power-point batez lagunduta.
Card image cap
Samina Baigen hitzaldia izan zen atzo Bilboko Rekalde Aretoan. Kuadrilatxoa elkartu ginen Everesta igo duen lehen emakume pakistandarraren bizipenak entzuteko. Hori izan baita gehien bat hitzaldiaren muina: bizitzaren esperientzia azal araztea.

Saminaren hitzaldia entzuteko aukerarik baldin baduzu, ez espero aurkezpen liluragarririk, argazki zoragarririk edota divo baten estilorik. Saminak eskainiko dizuna, bere esperientzia bitala da. Ahalduntze eta gainditze historia bat. Emakumeak izanagatik beste edonork dituen eskubideak eta gaitasunak dituela frogatzen ahalegintzen den emakume gazte baten historia.

Samina Shimshall Ibarrean (Hunza, Pakistan) jaio zen duela 25 urte Txinako mugatik ez oso urruti. 2003ra arte ez zuten errepiderik ezagutu, eta oraindik ere ez dute elektrindarra ziurtatuta, ezta ere ur edangarri hornikuntzarik. Eskola bai. Txiki txikitatik izan zuen eskolara joateko aukera Pakistaneko beste eskualde batzuetan ez bezala, eta esan zigunez etxekoek betik egin du bere alde hartu dituen erabakietan. Anaiak, Mirza Alik ere badu errurik historia honetan.

Gaztetan hasi zen Mirza atzerritarren espedizio eta trekkingetan lanean zamaketari bezala. Etxeratzean Saminari esaten zion urte batzuk igarota berarekin eramango zuela mendi garaienak ezagutzera. 4.000 metro pasatxoko mendi bat izan zen Saminaren lehen garaipena.

Poliki-poliki, mailaz-maila Everesta igotzea lortu zuen. Ondoren zazpi kontinenteetako zazpi mendi garaienen zerrenda osatu arte jarraitu dute lanean. Baina Saminaren nahia izan da emakumeari aukerak emanez gero, edozer gauza egiteko gai dela frogatzea. Baita lortu ere.

Anaia ere izan du lagun beharrezkoa eta ez nolanahikoa. Arrebak Everesteko gailurra lor zezan, berak lortzeari uko egiten jakin zuen gizonak genero berdintasunaren aldeko espedizioak garaipena lor zezan. Itzalean, atzo ikusi genuen bezala.