SIP: Berrikuntza sozialeko plataforma Hushe ibarrean

2020/05/01
SIP. Ez itzazu sigla hauek ahaztu, ingelesez Social Innovation Platform esan nahi dute, eta Hushe ibarrean egiten ari garen etorkizuneko apustua laburbiltzen dute. Garapenerako lankidetzan norabide berria da, erakunde berritzaileenekin lotuta dago. Honen haritik, Nazio Batuen PNUD erakundea esperientzia pilotu bat ari da egiten Asian, eta gu ere lankide gaitu.
Card image cap

Ikasle eta familiekin bilera M.School-en

Plataforma hau bilkura eta komunikazio gunea da, erreala zein birtuala. Bertan pertsonek, erakundeek, instituzioek, eragile politikoek eta erlijiosoek bat egiten dute ekintza ekonomikoen garapenean, ibarrean dauden arazo sozialei erantzuteko. Hau guztia, giza-garapen jasangarria duen ikuspegitik, tokian tokiko narratibetatik abiatuta, azaldutakoak zein egoeraren azpian dauden kontaketetatik. Entzuteko, ko-sortzeko eta azelerazioko prozesu prototipatu bat ezarri ondoren, gizartea mobilizatzeko eta akzio politikorako prozedura amankomun bilakatzen dira, sisteman aldaketak eragiteko gaitasunarekin.

Basharat Alik duela urtebete hasi zuen ikasketa prozesu intentsiboa Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studiesen, EHUren Leioako kanpusean. Bere helburua metodologia honen ñabardura guztiak ikastea zen, Husheko bailaran ezarri ahal izateko, Jaurlaritzaren babes finantzarioarekin. Joan den irailetik, ALC eta Baltistan Fundazioko talde batekin astero harremana izan du, eta plan honen lehen fasea sortzen ari da. Lehen urrats horretan, eragile garrantzitsuak, pertsona ekintzaileak, erakundeak, lider zibil eta erlijiosoak eta ikasleak identifikatzen ari da, beraien kontakizunak jasotzearekin batera.

Prozesuaren hastapeneko urratsa amaitzear dela, bi gertakari garrantzitsu jazo dira. Bata Covid-19aren agerpena, Husheko ibarrean ere bizitza goitik behera aldatu duena. Bestea, Nazio Batuen PNUD-en inplikazioa. Bashratekin egiten ari ginen prozesua arindu dute gertakizunok, ahalegin guztiak krisialdiari lotutako narratibak bateratzera eta eguneratzera bideratu baititugu, irteera eta berreskurapenerako egitasmoak identifikatzeko. Prozesu hau nabarmen handitu du PNUD erakundearen babespean egiteak. Islamabaden eta Asiako beste herri batzuetan aldi berean ari da garatzen, metodologia berarekin, eta isolamenduko baldintza hauetan lana errazten duten baliabide teknologikoekin. Egoera honek beste errealitate batzuekin konektatzeko aukera eman digu, eta zalantzarik gabe, gure lana aberastuko du.

Uzta fase hau ekaineko bigarren hamabostaldian nahikoa heldua izatea espero dugu. Orduan ko-sorkuntza prozesuari ekingo diogu, aurrez-aurrekoa izango delakoan gaude. Nola nahi ere, guztiaren berri emango dizuegu.