Talis berreraikitzeko plana

2010/10/18
Felix Baltistan Fundazioak lanean dihardu Talis berreraiki eta birgaitzeko. Gogoratu lurraldea gogor astindu zuela montzoiaren euri jasek abuztuan. Emergentziazko lehen erantzun azkarraren ostean, janaria eta kanpadendak banatu ziren herritarren artean. Orain, batutako diruarekin, lurjausiak, harriek eta lokatzak suntsitutako 35 etxe eraikitzen hasi dira.
Card image cap

Talis berreraikitzeko plana

Planak bi fase izango ditu. Lehena orain eramango da aurrera, abenduan elurteak hasi aurretik. Bigarren fasea negu ostean egingo da.

Lehen fasean eta negua iritsi baino lehenago, 35 etxebizitzen lehen solairuak berregingo dira. Era berean, kaltetuendako elikagaiak bermatuko dira negurako. Bigarren fasearen asmoa, aldiz, etxebizitzen bigarren solairuak berreraikitzea da.

FBF-ak, bere gain hartzen du berregitearen kostua, baina kudeaketa eta jarraipena, tokiko komunitateak egingo du. Horretarako, berreraikitze batzordea sortuko da eta bertan, presente izango dira Taliseko herritarrak, Felix Iñurrategi Foundation Baltistán Machulo (FIFBM) eta tokiko agintariak. Ortiz Akizu boluntarioak bertatik lehen pertsonan bizi izan du udako sarraskia; eta hain zuzen ere, orain bueltan dagoela berak egingo ditu FBF-etik koordinazio lanak.

Gainera, berreraikuntza aprobetxatuko da etxebizitzetan zenbait hobekuntzak egiteko. Besteak beste, putzu septikoa, komuna, ur erabilgarridun txorroa, etxebizitza ukuilutik  isolatu, zementuzko lurra eta posible den neurrian mikro-negutegia eta ur beroa. Egurra eta esku lana, Taliseko herritarrek jarriko dute.

Baltistan, ahaztutako Pakistan

Abuztu bukaeran, FBF-ak  eta CESVI Italiako GKE-ak, elkarrekin, ONUko gizarte sailera (OCHA), laguntza eskatu zuten. Berreraikitzeko laguntza hau ordea, ONUk ezeztatu egin du Baltistan lehentasunezko gunea ez dela argudiatuta. Gertakari honek, berriro uzten du agerian Baltistango herritarrek bizi duten bazterkeria, bai tokiko gobernuaren aldetik eta baita ere, nazioarte mailan.  Nazioarteko komunitateak biztanle kopuruaren arabera edota politika medio, hartzen ditu erabakiak.

Egia da, Pakistan osoa ari dela jasaten hondamendiaren ondorio gogorrak. Magnitude historikoak hartzen ari den sarraskian, oraindik lurpean dago lurraldearen bost herena eta bi mila lagunek galdu dute bizia. Baltistango egoera ere ez da gutxiagorako eta oso kritikoa da. Lurraldearen gainontzeko tokiek tenperatura goxoak dituzte, baita neguan ere. Baltistanen, ordea, merkurioa 0 azpitik 20 gradu jaisten da. Horregatik, hildakoen kopurua gutxiago baldin bada ere eta lurjausiak amaitu arren, orain, negua dator eta  biztanlearendako une arriskutsuenak datoz.

Garrantzitsua da azpimarratzea bizirauteko nekazaritza dutela. Lurra lehorra da eta  klima muturrekoa: udan 30 gradu eta neguan, berriz, 0 azpitik 20. Lurrak urtean uzta bakarra ematen du, nagusiki garia. Elikadura orekatuagoa izan dezaten, herritarrek uztari zuhaitzetako fruituak eta duten abereak gehitzen diote otorduei.

 

Hauek dira irekitako Taliserako baku kontuak:

BKK 2095 0038 51 9103522251

Kutxa 2101 0038 51 0011074747

Laboral 3035 0044 85 0440018830