Txano batzuen berotasuna

2021/12/14
Txano hauen berotasunak ez zaitu zu bakarrik babesten. Txano hauek berotasuna ematen die Ringchan proiektuaren ekimen honetan parte hartu duten Hushe bailarako 80 emakumeri ere. Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du, eta helburu nagusi bat du: Hushe bailarako emakumeen ahalduntze-prozesua sendotzea eta bide horretan urratsak ematen jarraitzea.
Card image cap

Txanoak

Berotasuna ematen diete txanoak egiten ikasi duten emakume hauen familiei eta haien ekonomiari. Hala, txanoek bi etiketa dituzte, Ternuarena eta proiektuarena, emakumeek beren izenak eta sinadura gehitu dizkiete etiketei, beraiek izan baitira proiektuaren egile bakarrak, beraiek paketatu dituzte eta beraiek bidali dituzte Europara, bertan merkaturatzeko… noiz eta pandemia bete-betean, gainera.

Baltistango gizarteak, oro har, ez ditu oraindik emakumeen oinarrizko hainbat eskubide aintzat hartzen, eta bailarako emakumeak ahalegin betean ari dira ahalduntze bidean. Hala, haien guztien kezkari eta ahalegin horri ematen die berotasuna txano honek.

Kooperatiba bat sortzeko eta ekimenaren protagonista bakar izateko emakume hauek agertu duten batasunari ematen dio berotasuna txano honek.

Baina… hori historiaren amaiera da. Jo dezagun atzera, eta konta dezagun hasiera-hasieratik.

Baltistango emakumeen eskakizuna eta Boluntariotza

2019an, Hushe bailarako emakumeen eskura hainbat tresna eta ezaguera jartzeko proiektu bat landu genuen BFn, tresna horien bidez beren garapen pertsonalerako prozesuan aurrerapausoak eman zitzaten. Beren familiaren ekonomiarako diru-iturri bat izatea, horixe eskatzen ziguten emakumeek, diru-sarrera horren bidez familiaren beraren barnean eta komunitatean beren posizioa hobetzeko. Hala, eskakizun horiei erantzunez, hainbat jarduera ekonomiko bultzatu genituen.

2019an bertan, Arrasateko familia batek oporraldian bailarara joateko asmoa adierazi zuen, Fundazioaren jardueretan parte hartzeko. Hor abiatu zen txanoen egitasmoa. Aintzane Gardoki arrasatearrak eman zion lehen bultzada erabakigarria proiektuari: irakaskuntza munduan ordura arte ikasitakoarekin batere zerikusirik izan gabe, kakorratz-lana egiten ikasi zuen, txanoak josteko, eta ondoren, Hushe bailarako egonaldian, bertako emakumeak langintza horretan prestatu ahal izateko. Familiaren eta egonaldi haren historia osoa duzu esteka honetan.

Zergatik txanoak? Emakumeek eskuz egindako produktu bat landu nahi zutelako, eta bestetik, Ternuak, Alberto Iñurrategiren bidez, mezu garbi hau helarazi zigulako: "Emakume hauek lortzen badute bizpahiru txano modelo eskuz egitea, betiere kalitatearekin, gu prest izango gara txano horiek erosi eta Europan merkaturatzeko".

txanoak_1.JPG

Bailaran zirela, uda beteko hilabeteak izanik, hango emakumeak lanez lepo zebiltzan uzta biltzen. Hori dela eta, ezinbestean, Aintzanek eta emakumeek eginbehar horietara egokitu eta tarteak bilatu behar izan zituzten kakorratz-teknikak ikasteko eta txanoak egiteko. Ez zen erraza izan tarte horiek aurkitzea; izan ere, Baltistanen emakumeak arduratzen dira nekazaritzaz, etxeko lanez, seme-alaben zaintzaz… Baina, nola edo hala, aurkitu zuten beraientzako tarte hori, eta pozez eta gogotsu ikasi zuten txanoak josteko teknika. Ikasketa-prozesuak, gainera, haien arteko lokarri berezi bat ere josi zuen ezarian-ezarian.

Emakume baltiarrek trebezia handiz bereganatu zuten artisau-teknika, egiazko artistak direla erakutsiz, baina horretaz harago, haien artean sortutako lokarriak agerian utzi zuen gure lankidetzaren oinarrian dagoen premisa hau: emakumeok garapen pertsonalerako eta autoestimurako tresnak behar dituzte, beren familietan nor direla erakusteko eta emakume ekintzaileen talde batean partaide izan nahi dutela planteatzeko. Horretarako, funtsezko bi baldintza behar dituzte: prestakuntza jasotzeko denbora eta gurasoen edo senarren onespena.

Emakume artisau baltiarren ekintzailetza babestea

Prozesua Ringchan proiektuan hezurmamitu da, azkenean. Egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du, eta bi helburu nagusi ditu: batetik, garapen pertsonalerako eta autoestimurako jarduerak garatzea eta, bestetik, txanoak egiteko eta merkaturatzeko trebetasun zehatzak ikastea (teknika hobetzea, akabera ona eta bereizgarritasuna ematea, etiketatzea, paketatzea, salmentarako marketina, etab.).

txanoak_5.JPG

Kooperatiba bat sortzea

Orain arteko proiektu guztietan egin izan diren jarduerak Hushe bailarako bertako FFBB fundazioarekin elkarlanean gauzatu dira. Oraingo honetan, ordea, beste urrats bat eman nahi izan da emakumeen autonomia lortzeko bidean, eta lehen aldiz emakume bat kontratu da, Perveen, fundazioarekin loturarik ez duena, proiektuarekin loturiko jarduerak kudeatzeko, eta batez ere emakume ekintzaileei prozesu osoan laguntzeko.

Eskaria harrigarria izan da, Aintzaneren esperientziatik sortu den feelingak bere fruituak eman ditu, eta 80 emakumeko talde egonkor batek ekin dio ekintzailetza-proiektuari, oztopo kulturalei aurre eginez eta horiek gaindituz.

Prozesuaren hasieratik kooperatiba bat sortzeko helburu argiarekin lan egin da: emakume partaideak izango dira kooperatibaren titular bakarrak, beren antolaera propioarekin, eta beraiek izango dira bankuko kontuko titular bakarrak ere, Ternuarekin eta sor daitezkeen beste bezero batzuekin merkataritza-jarduerak egin ahal izateko.

Ez da erraza izan, eta pandemiak berak ere eragozpen asko sortu dizkigu: erositako lehengaiak garaiz jasotzeko zailtasunak, bidalketak egiteko burokrazia amaigabeak aduanetan eta bestelako traba txiki ugari. Alabaina, emakume ekintzaileen talde honek etsi gabe eta kemen handiz gainditu ditu traba horiek guztiak.

Txanoak hemen dira, eta hori da berotasuna ematen dutena!

Proiektuari amaiera emateko hilabete falta den honetan, txanoak hemen dira jada, kirol-denda batzuetako erakusleiho eta apaletan daude, eta aurki beste sorta bat iritsiko da, eta beste salmenta-puntu batzuetan egongo dira salgai.

txanoak_3.png

Guztira 2 modelo dira, Balti eta Baltibor. Txanoek Ternuaren etiketa eta Ringchan proiektuaren beste etiketa marroi bat dute, eta etiketa bereizgarri horretan, txanoa landu duen emakumearen sinadura dator.

txanoak_4.jpeg

Hemen laburtu dugun prozesua ederra bezain zaila izan da. Atzean egitasmo berezia dago, eta, beraz, txano hauen ezaugarriak ezin dira inolako etiketatan zehaztu. Horrenbestez, txano hauen berotasunak zentzu zabalagoa hartzen du, txanoen erabiltzaileei ez ezik beren eskubideen alde eta, finean, komunitate parekideago baten alde diharduen emakume talde bati ere babes handia ematen diolako.

txanoak_6.jpeg