Urteroko bidaia Hushe ibarrera

2015/10/20
Txaro Otxandorena eta Pedro Ibarra Baltistan Fundazioko patronoak, Hushe Ibarrean izan dira udan, laneko bisitaldi bat egiten. Pedrori eskatu diogu bere inpresioak azaltzeko laburki. Hurrengo lerroetan berak idatzitakoa irakurtzeko beta izango duzue.
Card image cap

Urtero joaten gara Matxulora, Baltistanera, tokiko gure kideekin egotera; Felix Foundation Baltistan (FBF)-ekin alegia. Gauzak nola doazen ikusi beharra dago bertatik bertara, eta egitekoei buruzko gogoeta egin. Baina guztien gainetik entzutera joaten gara; aditzera.

Aurten Txaro eta niri egokitu zaigu joatea, eta pare bat aste egin ditugu bertan: FBFeko kideekin, laguntzen ditugun eskoletako maisu-maistrekin eta “gure” emakume-zentroetako emakumeekin hitz egin dugu. Eta “gure” diogu, gaur egun, haietako emakume eta gizon asko “gure jendea” direlako.

Gauzak ondo doaz. Bereziki funtsezko alderdi batean: FBFek bere egin ditu lidergo antolatu eta parte-hartzailearen, eta bokazioaren beharrak ibarraren garapen integralerako, eta lortzeko urratsak ematen ari dira.

Bide hori zehaztu eta  gauzatuko duen plan estrategiko bat lantzeko konpromisoa hartu dute, eta euren lan-taldea eta arlokako sareak indartzeaz gain, Patronatu berri ordezkatzaile eta aktibo bat jarri dute martxan batzordekideen artean bost emakume daudelarik. Euren plan estrategikoaren egikaritzapenak, -benetan asmo handikoa-, Ibarrean jarduera arloak eta ekintzak ugaritzea ekarriko du. Horretarako finantzatzaileak beharko dituzte, eta dagoeneko ari dira lanean horien bila.

Ibarrean garapeneko beste etapa bat hastear dagoela uste osoa ekarri dugu. Garapen zabalago bat, saretuagoa eta Ibarretako herriek zuzenduagoa, FBFko gizon-emakume ordezkatzaileen bidez.

Gure egitasmo eta hezkuntza-jarduerak ondo doaz. Eskoletan geroz eta neska gehiago dago. Irakasle gehiagok jasotzen dute prestakuntza profesionala. Neskek Ibarretik kanpo joaten jarraitzen dute ikasteko. Irakasle gehiago hartu dira Ibarreko urrutiko eskoletarako.

Baina gabeziek jarraitzen dute, eta erronka berriak sortu ere sortzen dira. Irakasle gehiago behar ditugu, eta prestatu behar ditugu. Gela gehiago eraiki, eta eraikita dauden batzuk berreraiki. Eskola-material gehiago behar dugu. Irakasle on eta prestatuak gure eskoletan jarrai dezaten borrokatu behar gara. Nesken eskolatzea bultzatu behar dugu, oraindik gehiago. Eta Ibarretik kanpo goi-mailako ikasketak egiteko aukerak areagotu behar dira bereziki nesken kasuan.

Ibarreko emakumeen trebatze eta ahalduntze etengabean aldaketa sakonak nabaritzen dira. Hasteko bost emakume daude FBFko Patronatu berrian. Oso garrantzitsua da prozesuaren buru den antolakundea bera izatea aldaketaren testigantza ematen lehena.

Bestalde, iragan urtean kudeaketaren erantzunkizunetan arazoak egon baziren ere, emakumeen hiru zentrok iraun dute zabalik. Urtea amaitu baino lehen beste bi zabalduko dira, eta hurrengo hilabeteetan biziki areagotuko da  ama-haurren osasun zaintza. Emakume bat hautatu dute Ibarreko genero koordinatzaile bezala; Nuzhat Kim da bera. Gaur arte Munawar-2 eskolan ari zen lanean irakasle bezala.

Baina oraindik asko dago egiteko. Emakumeak lanbideak ikasten ari dira Emakume-zentroetan. Hala ere urrats asko eman beharko dituzte emakume bezala antolatu eta independentzia handiagoa lortzeko bidean.

Orain, behin itzulita, Bilbotik, gurekin bat eginaz gure proiektuak bultzatzen jarrai dezazuen konbentzitzen dugu lana. Horretan ere ari gara.

Pedro eta Txaro.