Urteurren handia

2021/05/10
Gaur, maiatzaren 10ean, duela 20 urte hain zuzen, hamar lagun elkartu ziren Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioaren eraketa-eskritura sinatzeko, hasiera emanaz Euskal Herriko beste emakume eta gizon batzuek egindako erreleboei esker denboran iraun duen espedizio honi. Data garrantzitsua da, eta ospatzea merezi du, nahiz eta bizi ditugun egoera bereziaren eraginez gogoratze soilarekin geratu beharko dugun.
Card image cap

Haurrak eskolan

Data hau dela eta, oroimenean izan nahi ditugu Fundazioaren bilakaera nolabait markatu duten eta erakundearen azken helburua den Hushe Ibarraren eraldaketan eta garapenean beren denbora eta ahaleginarekin parte hartu duten pertsona guztiak.

Sortzaileak kontuan hartu nahi ditugu euren ekimenarekin proiektu hau nazioarteko lankidetzaren mapan jarri zutelako.

Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki urte hauetan guztietan Fundazioari eutsi dioten langileei euren eguneroko ahaleginagatik eta arduragatik. Eskerrik asko guztioi.

Maitekiro gogoratu nahi ditugu duela 20 urte pasatxo, Felix Iñurrategiren oroimenez, ibarrean ekimen paraleloak hartu zituztenak: Shamshair Ali, Rustam Ali, Ibrahim Rustam eta Ibrahim Akhon.

Gure animoak Ibarrean fundazioaren inguruan sortutako mugimenduetan busti diren emakume guztiei: Fatima, Kaniz, Saima, eta beste hainbat, eta guretik urte hauetan guztietan arlo honetan erantzunkide izan direnei.

Mila esker karguari dagokion erantzukizuna doan hartu duten patronatukideei, eta, azkenik, proiektu hau bizirauten eta helburuak sendotzen lagundu duzuen bazkide eta boluntarioei, salbuespenik gabe.

Zorion, eta zorionak espedizio luze honetan partaide izan zaituztegun guztioi, eta gure aldetik lanean jarraitzeko konpromisoa gure ekarpena Hushe Ibarreko gizon-emakume guztientzat baliagarria den bitartean.

Pedro Ibarra, Baltistan Fundazioko lehendakaria.