Baltistan

Baltistanek gorabehera asko ezagutu ditu hiztorian zehar. Migrazioek, herri indartsuagoen erasoek gaurko errealitatea zehaztu dute. Bertan dago Hushe Ibarra.

Baltistanek, Lurreko beste edozein herrik bezala bere historia, hizkuntza, sinesmen eta kultura ditu. Historian gorabehera asko ezagutu ditu, garaiera handiko mendien magalean egonda ere, Zetaren ibilbidearen abar batzuk bertatik igaroten zirelako, eta oro har, bere txirotasunean beste herrialde batzuen handinahikerien biktima ere izan delako. Bertan dago Hushe Ibarra.

Historia

Baltistan nazio burujabea izan zen harik eta XIX mendearen erdi inguruan  Dogra indarrek mendean hartu zuten arte. Dogra eta Sikhek  txandaka gobernatua, Jammu eta Katxemirako erresumako zati bihurtu zen 1846an eta Dogren mendean jarraitu zuen Sikhek britainiarren aurka 1845 eta 46 artean izan zuten gerla galdu ondoren. Ordura arte, eta ondoren ere, Yagbo leinuko Rajak izan ziren lurralde hauek gobernatu zutenak hainbat mendeetan zehar. Euren azken egoitza Khapuluko jauregia izan zen, Hushe Ibarraren sarreran, gaur egun Serena kateak kudeatzen duen hotel bihurtuta.

Khapuluko Rajaren jauregia

Geroago, zehazki 1947an, Pakistanek hartu eta beregenatu zuen, eta lurraldearekiko kontrola areagotu egin zuen,  ingelesek alde egindakoan Katxemiraren kontrolagatik Indiarekin izan zuten lehen gerlaren ondoren. Inbasioak nazioartearen onarpenik ez izatea, eta India eta Pakistanen (nuklear potentziak biak ala biak) arteko gatazka, oztopo handiak izan dira baltiarren bizitzan, eta gutxira arte ez dute administrazio propiorik, ez eskubide konstituzionalik  izan. Berez, 2009ra arte ez du Islamabadek aitortu Gilgit-Baltistan Pakistaneko lurralde autonomo bezala (ordura arte Islamabadek berak administratzen zuen lurralde militarizatua), eta legezko aldaketa honekin ematen zaio lehen aldiz Gobernu eta Legebiltzar propio baterako eskubidea. Ordura arte Northern Areas izenez ezagutzen zena, Gilgit-Baltistango Lurralde Autonomoa da gaur egun.

Politika eta Administrazioa.

2009an, lehenago Northern Areas zirenak Gilgit-Baltistan bezala izendatu ondoren, aldaketa garrantzitsuak onartu zituen Gobernu zentralak “Gilgit-Baltistan Empowerment and Self Governance Order 2009” deituriko legearekin  batera.

Legeak burujabetza maila moduko bat, mugatua eta eskuhartua  ematen dio Lurraldeari. Baina Gobernadorea Pakistaneko lehen ministroak izendatzen du zuzenean, nahiz eta Chief Minister-a Biltzar Legegileak aukeratzen duen. Gobernukideak  Gobernu Zentralak eta Biltzar Legegileak hautatzen dituzte erdi eta erdi. Sistemaren alde ona,  eskubideak onartzen zaizkiola, eta legeak sortzeko ahalmena duen subjektu politiko bezala onartzen duela lehen aldiz Pakistango administrazioak. Hala ere, baltiarrek ezin dute botoa eman estatuko parlamentariak aukeratzeko hauteskundeetan. Beraz euren eskubide politikoak ez dira osoki onartuak oraindik.

2009ko Legeak, hainbat gairen inguruko eskuduntzak ematen dizkio Biltzar Legegile berriari, hala-nola: Plangintza eta garapena, hezkuntza, osasuna, turismoa, basogintza, nekazaritza eta beste.

Biltzar Legegilea 33 kidek osatzen dute, hauetatik 24 sufragio unibertsalez hautatuak, beste 6 aulki emakumeentzat gordetzen dira eta 3 teknokrata eta profesionalentzat. Emakume eta teknokratei gorderiko aulkiak alderdi politikoek aukeratzen dituzte zuzenean, Legebiltzarrerako bozkaz lortutako tokien  proportzio berean.

Gaur egun 10 eskualdetan banatzen da Gilgit-Baltistan: Ghizer, Hunza, Nagar, Gilgit, Diamir-Chilas, Astore, Skardu, Shigar, Kharmang eta Ghanche. Azken honetan dugu Hushe Ibarra.

 

 800px-Gilgit-Baltistan_map_with_tehsils_labelled.jpg

Informazio gehigarria