Hizkuntzak

Baltistanen, kultura eta etnia desberdinen arragoa diren Asiako inguruetako herrialdeetan bezala, hizkuntza asko aurki ditzakegu eta ohikoa da bertako biztanleak, orokorrean, hizkuntza bat baino gehiagoren jabe izatea.

Pakistango hizkuntza ofizialak urdua eta ingelesa dira. Azken hau erabiliena da administrazioan eta agintaritza eta diruzko maila handiko klaseetan. Aitzitik, Pakistanen egunero erabiltzen diren hizkuntzak 75 dira, hauetako batzuk ofizialak ere erabiltzen diren lurraldeetan, punjabiera, pashtoa edo balotxiera kasu, eta beste batzu desagertzeko arriskuan, dameliera bezala, Chital herri turistikoan 5.000 bizilagun inguruk ezagutzen dutena, guztira 12 hizkuntza hitz egiten diren eskualdean.

Gilgit-Baltistanen hizkuntza desberdin ugari erabiltzen dira. 30 inguru hitz egiten dira indo-ariar, indo-iraniar edo txinar-tibetar errodunak. Erabilitako hizkuntzetako batzuk, ingelesaz gain,  urdua, pashtoa, shina, baltiera wakhiera edo burushaskia dira, shina bere ere ofiziala delarik.

Baltiera, 300.000 lagun baino gehiagok erabilia, sino-tibetar erroko hizkuntza da Asian erabiltzen diren beste 250 hizkuntza baino gehiago bezala. Mendebaldeko tibetar hizkuntzen multzoan sailkatzen da eta  berdintasun handiak  ditu sherpa eta tibetar hizkuntzekin.  

Hushe Ibarreko biztaleen ohiko hizkuntza izanik, emakume askok ezagutzen duen hizkuntza bakarra. Galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen artean koka ez badaiteke ere, urduera tokia jaten ari zaio hirigune handietan eta bere erabilera  ohiko hizkuntza legez geroz eta murritzagoa da.