Ingurune Fisikoa

Baltistango ingurune fisikoa oso menditsua da. Mendi eta glaziar handiek eta Indo edo Shyok bezalako ibaiek osatzen duten argazki miragarria abenturazale, mendizale, zientzilari eta bidaiarien jomuga izan da mendetan zehar.

Orografia

Gilgit-Baltistanen, Gilgit hiriburutik ez oso urruti, Lurreko hiru mendikate garaienek egiten dute bat: Himalaia, Karakorum eta Hindu-Kush. Indiar eta Euroasiar plaka tektonikoen talkaren ondorioz sortutako presio ikaragarrien eraginpean sortu ziren menditzarrak bizirik diraute  plaka biek mugitzen jarraitzen dutelako gaur egun ere. Aktibitate sismikoa oso bizia da eta bertako glaziarretan sortzen diren ibai handien eta uharren jarduera higatzaileak, gune  biziki ezegonkor bihurtzen dute lurraldea. Lurrikarak, Katxemirako 2005ekoa adibidez, eta ur eta harkaitz emari handiek sorturiko hondamendiak, bertako biztanleak ohikotasunez jasan behar izaten dituzten egoera tamalgarriak dira.

Hiru mendikateen topalekua

Aktibitate geologiko handiko lurraldea izateaz gain, lurrean glaziar gehien dituena da polo biak bazterturik. Gainera, Ibai handiek zeharkatzen dute, Indo kasu,  Txinan jaio eta Indiako iparraldea zeharkatuz Pakistanen sartzen dena Himalaia eta Karakorum medikateetatik urak jaso ondoren. Horregatik esan daiteke Gilgit-Baltistan dela Pakistango biztanleek duten ur erreserba handiena, nahiz eta bertakoek ezin aprobetxamendurik jaso aberastasun honetatik, azpiegitura egokien gabeziagatik. 

Karakorum mendikatea

Baltistan Karakorum mendikatearen magaletan kokatzen da, Asiako eta lurreko mendi lerro handienetako batean, non  aurki ditzakegun planetako zortzimilako mendien arteko lau, eta garaiera horretara iritsi ez arren edertasun bereko beste hainbat mendi.

Izena India eta Txina arteko merkataritza ibilbidean  kokatzen den Karakorum Passetik (5.179 m.) hartua dela dirudi, eta “harri edo harkaitz beltzak” esan nahi du. Askok uste dute Karakorum mendikatea Himalaiaren zati bat dela, baina ikuspegi geografikotik Indo Ibaiak sortzen duen luebaki handiak berezitako bi mendikate desberdin dira.

Karakorumek 500km-ko luzera du, mendebaldean Batura mediguneak mugatzen du eta Ekialdean berriz Saser izenekoak. Shyok eta Indo ibaiek bereizten dute Punjabetik, eta Shaksgam ibaiak iparraldean Kun Lun mendigunearekin duen muga da. Sistemaren erdigunean, Baltoron hain zuzen, daude kokatuta mendikateko punta garaiena, K-2 piramide ikaragarria, eta glaziar bilgune amaiera gabearen inguruan Gasherbrum (I eta II) eta Broad Peak zortzimilakoak, eta Mitre Peak, Chogolisa eta harri eta izotzezko dozenaka dorre. Zehazkiago esanaz, Karakorum Handia deitutako gunean lurreko 30 mendi garaienetatik 10 aurki ditzakegu eta 70 inguru zazpimilako punta nagusi eta bigarren mailakoak batuta.

 

 machululu_PAN245.jpg

Duen garaiera, eta muturreko gordintasuna, klima gogorra eta orografia kontuan hartuta, auzo Himalaiak baino askoz biztanle gutxiago ditu. Diotenez, Baltistango hiriburua, Skardu, Alexandro Handiak berak sortu zuen eta hasiera batean behintzat Iskandaria izenaz bataiatua izan zen. Jakinekoa da Marco Polo berak Karakorum zeharkatu behar izan zuela Txinatik Katxemirara joateko, izan ere, Skardu geraleku garrantzitsua zen India, Txina eta Erdiko Asia zeharkatzen zuten karabanentzat. Srinagarretik, Katxemiran, karabanen bideak iparraldera egiten zuen eta Burzil Pass-a gaindituz Skardura iristen ziren Astore zeharkatuz. Ondoren Indo ibaia jarraitu baino ez zuten egin behar Gilgitera iristeko. Badakigu ere bi jesuitak zeharkatu zutela Karakorum mendikatea. Ippolito Desideri aitak Karakorum zeharkatu zuen Delhitik Llasara joateko eta baliteke Espinaba jesuitak ere Mustagh lepoa gainditu izatea 1760an.

Beranduago Godfrey Thomas Vignek Baltistan, Ladakh eta Katxemirara bidaiatu zuen 1835/38 urteetan, Chogo Lungma glaziarrera iritsi zen eta Saltoro Ibarrean gora egin zuen Saltoro Passen bila.

Lehen abenturazaleak

Baina lurralde haietan barneratu zen lehen esploratzaile europarra H.H. Goldwin Austen izan zen. Survey of India konpainiarentzat lanean 1861ean Baltoro glaziarra eta K2ren inguruak  aztertu zituen. Haren bideari jarritu zitzaizkion Conway, Abruzzoetako dukea, Longstaff, eta XX. Mendearen hasieran Fanny Bullock Workman eta bere senarra William Hunter Workman. Seguru asko, Fanny Bullock Workman emakumeen aldarrikapenak mendi hauetara eraman zuen lehen emakumea izan zen. Emakumeen garaiera errekorra lortu zuen 7.000 metro inguruan, eta  Siachen glaziarra esploratzen ari zirela emakumeentzat boto eskubidea eskatzen zuen aldizkari bat zabaldu zuen 6.400 metroko garaieran. Senarrak egindako argazkia oso ezaguna egin zen hainbat girotan. Sir Francis Younghusband britainiar ofiziala 1889an  ibili zen inguru haietan eta Muztagh Pass igarobidea gainditu zuen lehen europarra izan zen. 1910-1920 hamarkadan Filippo de Filippi italiarra, eta Herbeherear diplomatiko Philipis Cristiann Visser eta emazte Jenny Van´t Viser-Hooft izan ziren esplorazio lanetan ibili zirenak beste batzuen artean.

Fanny-Bullock-Workman-Votes-Women.jpg

Haien guztien eskutik jaso zuten informazioa gerora, 1930, 1940 eta 1950eko hamarkadetan mendi garai haiek igotzen saiatu ziren aurreneko espedizioek. 1945. urtera arte inork ez zuen 7.500 metrotik gorako mendirik igo mendigune honetan. Pixkanaka joango gara aurreneko espedizio haien historia aletzen.

Gaur egun, ehunka mendizale eta eskalatzaile ibiltzen dira denboraldi bakoitzean Baltoron gora eta behera, batzuk gailur handienetara bidean, beste batzuk inon diren granitozko dorre ederrenen bila (Trangoko multzoa, Amin Brakk, Changui Tower, Latok, Shipton Spire, Baintha Brakk, etab.), eta gehienak paraje ikusgarri horiek zeharkatzeko plazer hutsez.

Mendizaletasun modernoa

Mendizale ausart eta prestatuenek ez dute etsi Baltistango bost zortzimilakoak bide desberdinetatik igo arte, eta honekin aski ez, gaur egun askoz erronka gogorragoak ari dira gainditzen iraganeko espedizio astunak bazter utzita. Egun bide zailenetatik igotzen dira alpetar estiloan, eta hau gutxi balitz neguan igotzeko saioak ohikoagoak dira erronkak are zailagoak bihurtezko.

Zortzi mila metrotik gorako mendi hauetara egindako lehen igoera saiakerak joan den mendeko bigarren erdikoak dira, guztiak 1953 eta 1958 bitartean  izan baitziren gaindituak.

K-2 edo Chogori (8.611)

Lurreko bigarren mendi garaiena da eta ez zen gainditua izan 1954ra arte, Ardito Desiok zuzendutako espedio italiarreko kide L. Lacedelli eta A. Compagnonik zapaldu zutenean. Garaipenak tentsio ikaragarriak eragin zituen espediozioko kideen artean eta Italian bertan, mendipunta garaitu zuen bikotearen eta W.Bonatti eta Mahdi zamaketariak osatzen zutenaren artean izan ziren gaizki ulertuengatik, azken bi hauek estalperik gabe lo egin behar izan baitzuten 8.000 metrotik gora, eta ozta-ozta bizirik ateratzea lortu bazuten ere,  ondorio ozpinduek luze iraun baitzuten taldekideen artean eta italiar jendartean.

Nanga Parbat (8.125)

Mendi hiltzailea ezizenez ezaguna espedizio austriar-alemaniar batek gainditu zuen lehen aldiz 1953an. Herman Buhlek amaitu zuen espedizio guztiaren lana tontorra bakarka eta oxigenorik gabe erdietsiz. Jaitsiera ez zen erraza izan baina behe-kanpalekura iristea lortu zuen. Neguko lehen igoaldia Alex Txikon, Alí Sadpara eta Simone Morok lortu zuten Tamara Lunger metro batzuk beherago geratu zen bitartean.

Broad Peak (8.047)

K3 bezala ere ezaguna, K2tik gertu dagoen tontorra da, eta Baltoro glaziarraren amaieran aurki dezakegu Gorwin Austen glaziarra sortzen den tokian bertan, Concordia izenez ezagutzen den zirkoa itxiz. 1957an garaitu zuten lehen aldiz H. Buhl, K. Diemberger, F. Wintersteller M. Schmuckek. K2a bezala Txina eta Pakistanen arteko mugan dago. Neguko lehen igoera poloniar espedizio batek lortu zuen bere kideetatik lau tontor gainean ezartzea lortuz.

Gasherbrum I edo Hidden Peak (8.068)

Hau ere Pakistan eta Txinaren arteko mugan, 1958an garaitu zuten  lehen aldiz P. Schoening eta A. Kauffman iparramerikarrek. Neguko lehen igoera A. Bielecki eta J. Golabek osatutako bikote poloniarrai zor diogu. Lorpenaren egun beren desagertu ziren betiko mendia garaitu nahirik G. Göschl, C. Hählen eta Nissar Hussain mendizale baltiarra, Sadparan, Skardutik gertu jaioa.

Gasherbrum II o K4 (8.035)

1956an espedizio austriar batek garaitua. S.Larch, F. Moravec eta H. Willempartek zapaldu zuten tontorra. Erraz samartzat hartzen den mendia euskal mendizale batzuen hilobia izan d; Antton Ibargurenek 1989an menditik jaisterakoan bizitza galdu zuen eroriko baten ondoriz eta Felix Iñurrategi, 2000 urteko uztailaren 28an hil zen rapelatzen ari zen soka hautsi ondoren. Felixen lagunek Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioa sortu zuten haren omenez, eta 2001etik hona Hushe Ibarreko biztanleen ongizatearen alde ari dira lanean. Neguko lehen igoera 2011ko otsailean lortu zuten S. Moro, D. Urubko eta C. Richardsek.

8.000 metrotara iritsi gabe handienenak bezain eskalada zirraragarriak dituzten mendien zerrenda amaigabea da. Edertasun pare gabeko mendiak non-nahi aurki daitezke: Trango, Laila peak, Masherbrum, Paju, Chogolisa edo Saltoro edozein mendizaleren jakinmina pizten duten mendiak izanik, ez dira maiz igotzen, agian duten zailtasun teknikoagatik, edo nork daki, ez dutelako 8.000 metroen muga gainditzen. Honegatik, inoiz igo gabeko tontorren zerrenda luzea da oraindik.

Baina orain arte azaldutako guztia ez zatekeen posible izango tokiko gidarien ezagutza eta lan sakrifikatua barik, zeintzuk bizkarrean zama ikaragarriak hartuta, ia erroparik gabe eta seguritatea eta ongizatea bermatzen zieten baliabiderik gabe, mendeetan zehar lanean aritu baitziren oso gutxiren truke, euren bizitza arriskuan jarriz baina kirol edota zientzia espedizioen arrakastak  ahalbidetuz.