Aintzane eta familiaren historioa

2021/12/14

Munduaren sabaian eta Karakorum mendikatearen oinetan ibili ginen bost astez. Natura, gardena, ederra eta indartsua besteko gordina da Baltistan. Ederra! Paregabea! Itzela!
Baina bertako parajeen edertasuna hunkigarria bada ere, Hushe bailarako jendearen berotasuna eta izatea demasakoa da! Deskribaezina! Itzela!


2019ko udan Pakistan iparraldeko Baltistanera joan nintzen 20 eta 18 urteko semeekin eta senarrarekin.

Felix Iñurrategi laguna genuen gazte-gaztetatik.

Bere izenean, Baltistango Hushe bailara garatzen laguntzeko zer egiten ari ziren ezagutu gura nuen.

Afal ordu batean etxekoei ea animatuko ziren galdetuta, baiezkoa borobila izan zen.

Alberto Iñurrategirengana jo nuen, ea “abentura” hori posible ikusten zuen galdezka. “Puff!” Bere lehenengo hitza. “Ausartak”, bigarrena.

Emakumeen bizitza ez da erraza Baltistan moduko lekuetan. Inguru haiek ezagutzen zituen beste emakume batekin, Txaro Otxandorenakin harremanetan jarri ninduen Iñurrategik. Familiakook berarekin elkartu ginen Olaztiko taberna batean. Etxekoek ez zuten dudarik eduki: “Bai, bagoaz, ama!”

Erabakia hartuta zegoen.

Eta han zer egin dezakegu? Hurrengo galdera. Bilboko Baltistan Fundazioaren egoitzan laster definitu ziren senarraren eta semeen zereginak zeintzuk izango ziren Hushe bailaran. Eta nik? Ingeles gutxi jakinda, eta emakumea izanik, gainera, zer egin?

Uda garaian, albertxiko sasoia da han. Albertxiko edo “txuliei” hezurra kentzen sikiera lagunduko niela esan nuen. Fundazioak, hori hango emakumeek badakitela egiten esan zidaten. Beraientzat berria edo eraginkorragoa zen zerbait “irakatsi” beharko niela esan zidaten…

Jaboia nola egin, eta agian, josten irakatsi nezakela pentsatu genuen. Bizitza osoan, orratza eta haria eskutan hartu barik banengoen ere, urte batez josten ikasten egon nintzen. Jaboia egiten ere ikasi nuen.

Baltistan aldera joateko sei egun falta zirela, Iñurrategik deitu zidan: emakumeek negurako artilezko txanoak egingo balituzte, Ternua, hemen komertzializatzeko prest egon zitekeela esan zidan. 3-4 txano eredu eman zizkidan eskura…

Josten ikasi nuela-eta pozik nengoen. Baina puntu edo gantxilorik egiten ez nekien… baina Hushe bailarako emakumeendako esku artean aukera bat geneukan…

Gauari orduak eta orduak kendu eta interneteko tutorialetan gantxiloa egiten ikasi nuen. 2-3 eredu desberdin.
Motxilan gantxiloak, orratzak eta artileak hartu eta Matxulura abiatu nintzen familiarekin.

Gutariko bakoitzak zeregin konkretu bat geneukan hasieratik. Semeek irakasleekin ematen zuten eguna; informatika eta ingelesa irakasten. Senarrak, berriz, Felix Baltistan Fundazioko arduradunekin kooperatiba txikiak nola sor zitzaketen animatu guran pasatu zituen egunak.

Ni, bitartean, Hushe bailarako lau herritako 50 emakumerekin jaboia eta Ternuarako txanoak nola egin irakasten ibili nintzen.

Uda sasoia zen. Emakumeak, gizonezkoak ez bezala, lanez lepo zeuden. Baina goizero 10etatik 13:00 ingurura arte Fundazioak beraiendako prestatuta dituen lokaletan elkartzen ginen. Euren “tartetxoa” zen, dudarik ez daukat. Egunaren hasieran, nire senarra eta bertako arduradun bat aurrean egoten zirenean, txistirik ez zen entzuten. Gizonezkoek hanka atetik ateraz bat, hango berriketak eta algarak ez zuen amaierarik izaten.

Ez zuten ez ingelesa, ez urdurik hitz egiten. Nik ere ez!
Goizero, baltieraz hiru lau esaldi esaten nizkien eta pozik sentitzen zirela esango nuke. Txanoak egiten euskaraz ikasi zuten: “bat, bi, hiru”, “kanpotik barrura”, “gehiago, gehiago” eta “oso ondo” etengabe errepikatzen zioten batzuk besteei.
Gozamen handia izan zen!

Eta zein azkarrak ziren! Segituan harrapatzen zuten eginbeharrekoa!

Bi astez ibili nintzen hango emakumeekin. Ni, pozik! Etxekoak ere pozik, oso pozik!

Eta dena ez zen, gainera, “lana” izan. Aste betez bertako mendietan ibiltzeko aukera izan genuen. Hura ere esperientzia ezin hobea!

Eta Matxulotik, bizitzan behin behintzat pasatu beharko litzatekeen Karakorum Highway errepidetik barrena bailara utzi genuen, pena handiz, baina utzi genuen…

Bi urte beranduago Matxulu eta bailarako emakumeek egindako lana hemen da. Bailara hartan emakumeek zeresan handia dutela adierazten duen lana! Hango gizonezkoei, senar, aita, anaia edota semei ere, agian, etxeko eta herriko emakumeek bailararen garapenean zeresan handia dutela irakatsiko dien lana!!