Azpiegiturak
Mendia eta azpiegiturak
Lankidetzaren lehen urteetan Ibarreko herri nagusia, Matxulu, aukeratu genuen proiektuak burutzeko, eta mendiarekin lotura zutenak eta ureztatzeko edo etxeetan edateko ura eramateko azpiegituren eraikuntzak landuz eta diruz laguntzen aritu ginen.
Mendi eskola izateko eraikitako etxea (gaur Felix Guest House dena) eta euskal mendizaleek emandako izotz- eta harkaitz-eskaladako hiru ikastaro ere izan ziren Matxuluko Green Mountain School eta Felix Iñurrategi-Baltistanen (egun Baltistan Fundazioa) arteko lankidetzaren hasiera.
Matxuluko ohiko ureztatze modu zaharrari laguntza
Baina garrantzitsuena eta esaguratsuena Matxuluko ohiko ureztatze sistema indartzeko egindako proiektua izan zen. Matxuluko antzinako ureztatze azpiegiturak glaziar txiki batek elikatzen zuen uharretik ura hartu eta kanal bidez banatzen zuen herriko baratzetara. XX. Mendearen amaieran glaziarra desagartuz joan zen klima aldaketaren ondorioz eta auzo garaienak urik gabe geratu ziren. Ur gabezia konpondu beharreko arazo bihurtu zen, are gehiago sailak ureztatzeko erabilitako era gainezkatzearena izanik.
Herria baino 200 metro beherago doan ibaitik ura hartzea proposatu zen. Jose Ramon Madinabeitia injineruak egindako proiektu xaloa 2004an inauguratu zen arrakasta handiz. Azken batean bi punpa eta bi ur-biltegi eta hauek lotzen zituen hoditeria baino ez ziren behar, behekoak sistema elikatzeko eta goikoak ura biltegiratzeko eta handik glaziarraren desagerpenagatik ura galdua zuten ubideak elikatzeko.
Salingeko etxeetara iturriko ura eramatea
Hushe Ibarreko sarreran dagoen Salingeko ipar auzoetako 83 etxek ez zuten edateko urik, eta senitarteak (emakumeak ohi denez) Hushe ibarretik ubide baten bidez baratzak ureztatzeko erabiltzen zen uretik hartzen zuten. Ondorioz osasun arazoak oso ohikoak izaten ziren.
Irtenbide xumeena izan zen PVCko hodiak erabiltzea mendian gora sortzen zen ur-jarioa jasotzeko eta etxeetara bideratuko zuen hodi-sare berria egiteko. Horrela arazo guztiak konpondu ziren.
Baltistan Fundazioak gaiak ordaindu zituen eta senitarteek esku lana eta sarea mantentzeko diruzko engaiamendua.
Balleygone
Ura naturak eskaintzen dizkigun ondasunetan preziatuenetakoa da. Bera gabe bizitza ezinezkoa da eta edateko urik gabe eta saneamendurik gabe gaixotasunak biderkatu egiten dira, hilkortasun arrazoi nagusi bihurtzen dira eta haurren populazioa hamarrenetu egiten da.
Ur emari handien ondorioz hain ohikoak diren lur jausiek Balleygoneko ur hornidura sistema hondoratu zuten. Baltistan Fundazioak diruz lagundu eta herritarren parte hartzeaz eraikitako bi ur-biltegi eta hauek PVCko hoditeriaz lotuz, etxeetako hornidura bermatu zen sistema zaharra abian jarriz berriz 2008an, langintza hauekin arazoa konponduz.