Generoa

Generoarekin zerikusia duten proiektuen historia

Hushe Ibarreko emakumeen bizitza oso gogorra da; oro har senitartea aurrera ateratzea eta landa-lurretan lan egitea da euren eginbeharra. Gehienek baltiera soilik ezagutzen dute, eta ondorioz ez dute ibarretik kanpo atera eta ingurukoekin komunikatzeko aukerarik, ez baitituzte Pakistango bi hizkuntza ofizialak ezagutzen, ez ingelesik ez urduerarik. Gainera asko eta asko analfabetoak izanik, murritzagoak dira mugitzeko eta jendearekin harremanak izateko dituzten aukerak.

Neskatxoak nerabezaroan ezkontzen dituzte gurasoek eta askotan sendiko beste kide batzuekin; ondorioz, eskola utzita  emakume eta ama izateko lan neketsuan murgildu behar izaten dira baltiar neskatxa gazteak oso goiz. 

Gainera etorriko zaien  lan zama seme-alaben zaintzarekin hasten da-batezbeste  bost kide berri-, eta etxeko nagusien eta senarraren artapena  eta zaintzarekin, etxeko bazterrak txukun eta garbi mantentzearekin, eta senitartearen elikadura ziurtatzeko jakiak erein eta jasotzearekin borobilduko da.

Ikusten denez emakumeak etxe barruan eta etxetik kanpo ditu lan ardurak. Emakumearen ardura da etxeko ohiko jarduna; ereintza, uzta jasotzea, su-egur bilketa, ura karriatzea, aziendarentzat neguko jakiak biltzea, etxeko baratza zaintzea, fruituak jaso eta eraldatzea…

26.jpg

Gehitu honi guztiari, udan, landa-lanak handiagoak diren sasoian, gizon asko mendira abiatzen direla zamaketari edo gidari lanak egitera etxeko ardura guztiak emakumeen gain utzita. Baina emakumeari, hauetaz guztiaz arduratuta  ere, ez zaio aitortzen merkatu edo azokarako sarbiderik.

Emakumeen rolak   oso muga handiak ditu bizitza publikoan. Berez ez da oso ondo ikusia emakumeak bakarrik ibiltzea kalean, ezta komunitateko festetan parte hartzea ere.

Vocational Center for Women bilguneak

Baltistan Fundazioa xumeki hasi zen lanean eskualdean emakumeen ahalduntzearen alorrean  bidezko genero berdintasunaren alde.

Emakumeen ahalduntzea oinarrizko konpetentzietan eta lanbidezkoetan  sustatzeko gune baten sorrera bultzatu zuen, euren autonomian eta ahalduntze mailakatuan aurrera eginaz emakumeen bizitza kalitatea hobetu eta bidebatez  komunitatearen garapenean lankide aktibo bihur zitezen. Era honetako lehen gunea Machulon ireki zen baina eskaera hain izan zen handia berriak zabaldu behar izan zirela ibarreko beste herrietan emakumeen eskariz; hala nola, Saling, Talis, Marzigone-Baleygone edo Khandeyn. Zentru hauek, Vocational Centre for Women deituek, biltzeko eta euren arazo eta kezkak partekatzeko aukerak eskaintzen dizkiete emakumeei, eta honetaz gain euren intereseko gaien inguruko edota Baltistan Fundazioak bere lerro estrategikoen barruan eskain diezaiekeenen inguruko prestakuntza ez-arautua ere bai. Horrela gune hauen bizitza laburrean joskintza, elikadura eta marmeladak egiteko ikastaroak eman dira, baina baita ere ingelesezkoak edo informatikakoak, eta higiene eta ama-haur osasunarekin lotutako hainbat ere bai.

21.jpg

Zentroak emakumeak biltzen diren herriko gune bakarra bihurtu dira, eta teknika berriak edota euren trebezia lantzen dituzten bitartean, hitzaldiak antolatzen dituzte, esperientziak partekatzen dituzte, edo besterik gabe eurena den toki batean egoten dira.

Gainera gai espezifikoetan ikastaroak eskeini dira, honakoak eredu (2016an egindako jarduerez ari gara):

  • Higienearekiko sentiberatasuna lantzeko eta gorputz-higieneko ekoizkinak nola egin ikasteko tailerra
  • Hiru emakume gazte Ibarretik 100 km. ingurura dagoen Skardu hirira joan dira gaian prestakuntza jasotzeko. Helburua, ikasitakoarekin negozio berriak zabaltzea ibarrean, eta honela ibarraren garapenerako onuragarriak izango diren diru iturri berriak sortzea
  • Emakumeen giza eskubideekiko eta  genero gaiekiko sentiberatasun tailerra FFBko langileentzat
  • Jarduera hau Machulon garatu zen eta FFBko talde teknikoak, zein patronatuko kideek hartu zuten parte. Interesa eta parte-hartze aktiboa egon zen Parveen Bano andereak, genero eta garapenean adituak landutako ikastaro osoan.
  • Hiru tailer gizonentzat gaixotasun komunitarioen prebentzioaz
  • Hiru tailer egin dira Saira sendagile emakumezko emakume sentsibilizatuak zuzenduak. FFBtik dioskutenez gizonezkoak pozik izan dira jardunaldiekin eta gaiaz ondo jabetu dira nahiz eta euren kulturarentzat nahiko gai sentibera izan.
  • Autoestimu tailerrak emakumeentzat.

Aipatu denboraldian zazpi tailer ezberdin egin dira autoestimua landu eta indartzeko. Esan dezagun arrakastaz garatu direla, nahiz eta gai berria izan ibarrean, eta horregatik, gaiak berak edo gizakiarentzat hain garrantzitsua den alor honen inguruko ezagutza faltak  bildur piska bat sor zezakeen emakume batzurengan. Jardunaldiak Nazneen Zehra, “Hushe Ibarreko emakumeak” liburuaren egileak zuzendu ditu.

Emakume heldu eta gazteen arteko ezagutza eta esperientzia trukeak arlo desberdinetan

Antolatu zen lehen saiora ibarreko herri desberdinetako 35 emakume bildu ziren eta gai hauek landu zituzten: negozio ideia egingarriak, edota belaunaldien arteko ezagutza partekatzearen balioa adineko emakumeentzat, kontuan izanik gehienek ez dutela izan hezkuntza arauturako sarbiderik, ezta irakurtzen edo idazten ikasteko aukerarik. Saimak egin zuen balorazioa oso baikorra izan zen.

Honekin guztiarekin   zabaltzen zaizkien aukerak ugarituaz joan dira, eta daukagun beka programari esker makina bat emakume  daukagu lanean ikastetxeetan, beste batzuk osasun sisteman, eta ausartenak, joskintzako euren negozio propioak sortzen hasi dira, edo erropa, eta ontziratutako elikagaien salmentako  mikroenpresak sortu dituzte.

Halaber, euren arazoen kontzientzia hartuz joan dira, eta gaur egun, martxoaren 8a, emakumeen nazioarteko eguna ospatzen hasi dira urtero, eta Hushe Ibarreko emakumeen elkartea ere sortu dute.

Hala ere bide luzea dute (dugu) urratzeko.