Hezkuntza

Hezkuntza bihurtu da Hushe Ibarrean daramagun lankidetza lanaren ardatz nagusienetarikoa, 2006. urtean Baltistan Fundazioko boluntarioek Ibarreko herri guztiak aintzat hartuta egindako lan sakonak, oso errealitate kezkagarria islatu baitzigun.

Hezkuntza bihurtu da Hushe Ibarrean daramagun  lankidetza lanaren ardatz nagusienetarikoa, 2006. urtean Baltistan Fundazioko boluntarioek Ibarreko herri guztiak aintzat hartuta egindako lan sakonak, oso errealitate kezkagarria islatu baitzigun. Hezkuntzak ez zuen jendartearen aitortzarik eta seme-alabak hezteko gogoa hutsaren hurrengoa zen, izan baliabide gabeziagatik, izan hezkuntza sistema arrotz batek ez zuelako konfidantzarik ematen, izan, besterik gabe, herritarrek ez zutelako ikusten hezkuntzaren beharrik.

Berez, hiru eta hamabost urte bitarteko haurren eskolatze tasa %48 zen orohar, eta nesken kasuan %30. Zenbaki kezkagarriok bultzatu zuten Baltistan Fundazioa lan-lerro berri hau zabaltzera, Ibarreko neska-mutikoak heziz jendartearen eraldakuntza eragingo genuelakoan.

Hezkuntza eskaintza 2006an

Sasoi hartan Pakistango administrazioak bazter utzita zeukan lurraldea izanik, Hushe Ibarreko hezkuntza azpiegiturak definitzeko erabil zitezkeen hitzak honakoak ziren: eskasak, ez-nahikoak eta oso txarrak.

Eskolak gutxi ziren eta zituzten gelak oso egoera txarrean zeuden, ez zuten iturriko urik eta komunik, ezta jolas-leku edo atseden-leku egokirik; gelak zikinak eta osasungaitzak ziren, ez zituzten hornikuntza egokirik, ezta haltzari edo material suntsikorrik, eta irakasleen maila eta ardura oso txikiak ziren.

Antzineko eskola.JPG

Egitate hauen aurrean ez da harritzekoa senitarteen kontzientzia   ere oso behean egotea eta eskolari eta hezkuntzari eskainitako konfiantza ere, gutxi batzuren kasua kenduta, hutsa izatea.

Ekimen berritzailea

Hezkuntz eraldakuntza sakon bati bulkada emateko ideiak azkar asko aurkitu zuen bidaidea Matxuloko Munawar eskolako gurasoengan.

Aita-ama arduratsu hauek 100 ikasle hartzen zituen gizarte ekimeneko eskola bat zuten sortua, ikasgela bakarrekoa, eta eskola-ordu asko lurrezko patio batean eman behar izaten zituena. Eskola materialik ez zuten eta ikasleek lur aretsuan eserita jasotzen zituzten eskolak.

Baltistan Fundazioa, Felix Foundation Baltistan eta Munawar eskolaren arteko lankidetza, honako lan-lerro hauen garapenean zehaztu zen.

  1. UK-PDCN, Pakistango hezkuntzan dagoen instituzio entzutetsuenaren bultzadarekin eredu pedagogiko berri bat ezartzea Munawar eskolan. Eredu hau ibarreko beste eskola guztietara zabalduz joan da pixkaka-pixkaka.
  2. Hasera hartan UK-PDCNn, Gilgiten dagoen Unibertsitatean Irakasleentzat prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak finantzatzea, eta geroago, dagoeneko bukatuta dagoen formakuntza zentrua eraikitzea ibarrean, Machulon zehazki.
  3. Neskatxoen ikasketa kostuak finantzatzea euren eskolaratzea areagotu asmoz.
  4. Goi-mailako ikasketetarako beka aukerak eskaintzea ibarreko gazteei etorkizuneko irakasleak eta profesionalak prestatzeko.
  5. Bigarren mailako ikasketak egiteko Ibarreko herri desberdinetatik Khapulurako eguneroko eskola garraioa ordaintzea.
  6. Neguan indartze eskolak eskaintzea ingelesa, matematika eta zientzia gaietako maila handitzeko.

Eskolako garraioa-2.jpg

50 euro neskatxo baten urteko eskola kostua ordaintzeko.

Hauxe da hain zuzen senitarteak neskatxoak eskolatzeko bidean animatzeko   erabili genuen bidea. Helburua bikoitza zen: batetik neskak ordaindu gabe ibarreko edozein eskolatan matrikulatzeko eskubidea bermatzea, eta bestetik, kutsaketa ondorioz mutiko guztiak ere eskolatzea, gizarte ekimeneko eskoletan senitarteak kostuak ordainduz, edo dohainik estatukoetan.

Urtero ezeren truke “bonoak erosiz” nesken eta baliabide ekonomiko gutxiko mutikoen eskolatzea bermatu duten norbanako eta instituzioei esker bidean aurrera egitea lortu dugu.

Gainera urteak joan ahala eskola gehiago bildu dira Felix Foundation Baltistanek Baltistan Fundazioaren laguntzaz eskeinitako eskola eredu berrira. 2018an Ibarreko herrixka guztietako hamar eskola ziren  bat egin zutenak egitasmoarekin, batzuk giza ekimenekoak eta besteak, gutxienak, estatuaren titularitatekoak.

Ibilbidea garbiago ikusteko, 2006an 24 neska eta 81 mutiko matrikulatu ziren Matxuloko Primary English Public School-en. 2014an 893 matrikulatu ziren ereduaren barruan zeuden zortzi eskoletan, 466 neska eta 427 mutiko. 2019an berriz, 1.595 izan ziren hauetatik 847 neska eta 748 mutiko. Gure ekarpenak, 847 neska eta baliabiderik gabeko 123 mutikoren hezkuntzaren bermea izan da 2019an. Nekazaritzaren ereduari jarraiki ereiten ari gara etorkizunean uzta jasotzeko.

84.jpg

Une honetan gure ahalegin handiena Bigarren mailako hezkuntza Ibarrean finkatzean datza. Gainera, lortutako emaitza onek  neguko indartze saioak derrigorrezkoak ez izatea ekarri dute, dagoeneko gure ikasleak Pakistango beste eskoletakoen mailan baitaude. Honela baliabide hauek beste hezkuntz- helburu batzuetara bideratu ahal izan ditugu.

Unibertsitaterako edo bigarren hezkuntzarako diru-laguntzak

Azpimarratu beharreko lan-lerroa dugu, baliabiderik izan ez baina unibertsitateko edo bigarren hezkuntzako ikasketak egin nahi dituzten ikasleei eskainitako diru-laguntzak ezagutza  eta arlo desberdinetan lanean ari diren profesional  berriak ekarri dituztelako ibarrera.

Diruz lagundutako ikasleek, abian diren proiektu desberdinetan, bereziki hezkuntza eta osasun-higienearenean bi urtez lan egiteko konpromisoa hartzen dute ordain gisa. Honi esker gainera, egitasmoak autoelikatu egin dira.

Programa hau dela eta, Ibarreko ia 100 neska-mutilek izan du ikasketa desberdinak burutzeko aukera urte hauetan.

Entzumeneko edo/eta hizkuntza ezgaitasuna duten haurren ikasketak.

Hushe ibarrean, munduko beste hainbat lurraldetan bezala, ezgaitasuna diskriminatu, eta maiz zigortu ere egiten da haur hauek irakaskuntza sistematik baztertuz. Ez dago irakasle bereziturik eta senitarteak ez daude ezgaitasuna pairatu behar duten haurren hezkuntza kosteak onartzeko egoeran. Ez dago ikastetxe berezirik eta hauetako haur batzuentzat aurkitu dugun irtenbidea izan da, Skardura, Ibarreko gertueneko herrietatik lau ordu ingurura dagoen Baltistango hiriburura eramatea, bi haur gor-muturen aita-amek kudeatzen duten ikastetxe berezi batean barnetegi eran eskolatzeko. Aukera honen kostua hain da handia, edozein erako ezgaitasunen bat pairatzen duten haurrak behar bezala artatuak izan daitezen barrera gaindiezina bihurtzen dela senitarteentzat.

46.jpg

Hezkuntza, zehar-lerroa

Irakaskuntza eta hezkuntza ez ditugu mugatu eskolaren esparrura. Esan genezake ikasketak eta ezagutza bizitzaren arlo eta jarduera guztietara zabaldu dugula. Emakumeei elikagaien lanketa eta eraldaketa erakutsi diegu, hizkuntzetan, joskintzan,  osasun arloan edo informatikan  prestatu ditugu. Gizonak berriz mendiko teknika eta segurtasunean. Nekazariak, izan gizon ala emakume, hazi eta teknika berriak ezagutzen. Bestalde, Giza eskubideei eta garbitasun eta osasunari buruzko formakuntza eskaini ditugu eskoletan.

Hau guztia jendarte berrizaleagoa, ezagutza maila handiagoduna, eta kulturalki eta giza eskubideen onarpenean formatuagoa lortu asmoz.