Larrialdiak

Jakinekoa da ingurune osoa jarduera sismiko handi baten mendean bizi dela bi plaka tektonikoren talkaren ondorioz, eta mendikate hau geologikoki biziduntzat har dezakegula. Honi gehitu behar diogu, euri jasekin gainezka egin eta bidean aurkitzen duten oro suntsitzen duten ibai handi eta uhar kopuru ikaragarri batek zeharkatzen duela alderik alde.

Baltistan Fundazioak aurre egin izan dion egoera lazgarrienetakoa  2011an gertatu zen Talis herria zeharkatzen zuen uharrak gainezka egin eta aurkitu zuen guztia aurretik eraman zuenean. Ez dugu ahaztu behar 2010ean ere tankera bereko beste gertaera bat jasan behar izan zutela.  Beste eginkizun batzu ahaztu eta bertako biztanleei  gure laguntza osoa eskeini behar izan genien egun latz haietan tokiko agintaritzarekin koordinatuta. Zazpi pertsona hil ziren eta 35 etxebizitza erabat suntsituta geratu ziren. Guztiak uharraren albotan zeuden eraikita.

Gorpuen bilaketan.jpg

Matxulon -Talisen ondoko herrian- aurkitzen ziren Fundazioko boluntarioak zuzenean hartu zuten parte sorospen lanetan, eta Fundazioak berak, berreraikitze lanetan laguntzeko hitza eman zuen, etxebizitza berriak uharraren erretenetik urruti jasoz, lurrikaren aurkako teknikak erabiliz, eta garbitasun eta isolamendu baldintza egokiak kontuan hartuz eraikin berriak ondokoentzat eredugarri ere izan zitezen. Ez zen erronka erraza izan diru beharrak Fundazioaren urteko aurrekontua baino handiagoak zirelako, baina euskal norbanako eta instituzio askoren laguntzaz material eta lehengaien kostuari aurre egitea lortu genuen gure konpromisoa betez.

Dos casas.JPG

Ezin dugu ahaztu ez dela horrelako gertaera baten aurren izan garen lehen aldia. Fundazioa sortu berri, Kanden gertatu berri zen beste larrialdi baten aurrean aurkitu ginen. Orduko gure laguntza, ekonomikoa izan zen, eta sortzen ari zen erakunde batek eman zezakeen neurrikoa: xumea baina bertako biztanleei gainera zetorkien neguaren gordintasunari aurre egiteko premiazko jakiak eta erropak erosteko adinakoa.