Hemen zaude: Hasiera Mendia Karakorum mendikatea

Karakorum mendikatea

Karakorum mendilerroaren bihotzean dago Baltistan. Asiako mendigune handietako bat da Karakorum: han goratzen dira munduko zortzimilako guztietatik lau, baita altuera apalagoko baina edertasun bereko beste ehunka mendi ere. Karakorum izena Karakorum Pass-etik dator (5.179 m), India eta Txina arteko espaldiko merkataritza bideko igarobidetik; “Harri beltzak” esan nahi du.

Askok uste dute Himalayako beste mendigune bat dela Karakorum, baina uste okerra da; geografiari zorrotz erreparatuta, aparteko bi mendigune dira Himalaya eta Karakorum, Indo ibaiak banatzen ditu bi-biak. Karakorum gutxi gorabehera 500 km da luze eta 250 km zabal. Mendebaldera Batura mendigunea da muga, eta ekialdera, berriz, Saser mendigunea. Shyok eta Indo ibaiek bereizten dute Punjabetik eta Shaksgam ibaiak Kun Lunetik. Mendigunearen bihotzean, Baltoron, iristen da Karakorum zerua ukitzera: han dago altuera gorena, K-2 edo Chogoriko piramide kolosala eta glaziar amaigabeen bat-egite izugarri hartan goratzen dira Gasherbrumak (zortzimilakoak I.a eta II.a), Broad Peak, Mitre Peak, Chogolisa eta izotz eta harrizko beste hainbat eta hainbat katedrale ere. Zehazki, Karakorum Handia deritzonean, munduko 30 gailur altuenetako 10 daude eta 70 bat zazpimilako, nagusiak eta bigarren mailakoak kontuan hartuta.

Altuera eta klimaren eta orografiaren gordintasuna dela medio, Karakorumen Himalayan baino askoz jende gutxiago bizi da. Europako esploratzaileak XIX. mendearen hasieran iritsi ziren lehenbizikoz lurralde menditsu haietara eta atzetik joan ziren gero topografo britaniarrak 1856an. Godfrey Thomas Vigne 1835/38 artea joan zen Baltistanera, Ladakhera eta Kaxmirrera, Chogo Lungma glaziarrera heldu zen eta Saltoro bailara zeharkatu zuen Saltoro Pass igarobidearen bila. 1861. urtean H. H. Goldwin Austenek K-2 ingurua eta Baltoro glaziarra esploratu zituen Survey of India geografia-elkartearen eskutik. Haren urratsetan ibili ziren gero Conway, Abruzzoetako dukea, Longstaff, Workman eta beste. Sir Francis Edward Younghusband ere inguru hartan ibili zen 1889an eta bera izan zen lehena Muztagh igarobidea gainditzen. 1910eko eta 1920ko hamarkadetan Filippo de Filippi italiarrak, Philips Christiaan Visser diplomatiko holandarrak eta haren emazte Jenny van't Viser-Hooftek jarraitu zioten Karakorumeko bailara, glaziar eta mendiak esploratzeari. Haien guztien eskutik jaso zuten informazioa gerora, 1930, 1940 eta 1950eko hamarkadetan mendi garai haiek igotzen saiatu ziren aurreneko espedizioek. 1945. urtera arte inork ez zuen 7.500 metrotik gorako mendirik igo mendigune honetan. Pixkanaka joango gara aurreneko espedizio haien historia aletzen.

Gaur egun, ehunka mendizale eta eskalatzailek ibiltzen dira denboraldi bakoitzean Baltoron gora eta behera, batzuk gailur handienetara bidean, beste batzuk inon diren granitozko dorre ederrenen bila (Trangoko multzoa, Amin Brakk, Changui Tower, Latok, Shipton Spire, Baintha Brakk, etab.) eta gehienak paraje ikusgarri horiek zeharkatzeko plazer hutsez