Hemen zaude: Hasiera Nortzuk gara Historia

Historia

Euskal Herriaren eta Baltistanen arteko hartu-emana aspaldikoa da. 1985. urtetik, euskal mendizale asko joan izan dira urrutiko leku horretara, eta menditzar erakargarriak eta zeharkatzea iradokitzen duten glaziarrak ikusteaz gainera, bertakoen adiskidetasuna eta laguntasuna ere ezagutu dituzte.

nosotrosHala hasi zen adiskidetzea, eta gutxika-gutxika herrien eta pertsonen arteko lankidetzaz nahiz laguntzaz haratagoko harreman bihurtu da.

Fundazioa sortzea bi gertakarik eragin zuten; hasteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1999. urtean, Felix eta Alberto Iñurrategik, Jose Carlos Tamayok eta Jon Lazkanok osatutako espedizioari saria eman zion, larriki zauritutako Hego Ameriketako mendizale bati zegoen lekutik irteten lagundu ziotelako.

Sari horren kopuru osoa “Green Mountain Climbig School” izeneko mendiko eskolari eman zioten; 1997. urtean sortua zuten Matxuluko biztanleek, inguruko zamaketari eta eskalatzaileei eskaladako teknika irakasteko edo zekitena hobetzeko, eta horrela, inguratzen ziren mendizaleei zerbitzu egokiagoa emateko.

Hurrengo urtean, 2000.ean, euskal mendizale guztien eta lagun baltien bihotza aldatu zuen gertakaria izan zen: Felix Gasherbrum II an (8.035) zorigaitzez amiltzea.

antiguaMatxuluko lagunek sentimendu handiz bizi izan zuten galera hori, eta Felixen omenez, eskolari izena aldatu eta “Felix Iñurrategi Climbing School Machulo” jarri zioten.

Egoera berean, Felixen lagun batzuek askotan mintzagai izan eta amestutakoa errealitate bihurtzea erabaki zuten: urrutiko lur haietako biztanleen bizi-baldintzak hobetzen saiatzeko erakunde bat sortzea.